Zabor organikoa nola birziklatzen ahal den eztabaidatzen ari dira Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatean. Helburua Iruñera eraman behar den zaborraren bolumena ttikitzea da, honela gastuak murriztuko direlakoan eta etxera bidaltzen diguten zerga ere jeitsiko delakoan. Gainera, Europatik heldu den arautegi berria bete beharrekoa da, eta horrek zaborren birziklapen maila haunditzea eskatzen du. Arau hauek eskatzen duten birziklapen mailara ailegatzen ez bada, zigor ekonomikoak ezarriko dira eta hauek zuzenean gure etxeetara ailegatzen den fakturan nabarituko dira, eta diru gehiago ordaindu beharko dugu.
Herri ttikietan konposta egitearen alde egin da eta dagoeneko gure herrian badira konpostontziak. Gure etxean baratzea edota lorategia baldin badugu, konpostontzia erabiliko dugu, azken honek lurraren gainean egon behar duelako. Pisuetan edo lurrik ez duten etxeetan bizi direnekin sortzen da arazoa. Nola egin dezakete konposta? Hau moldatzeko konpostalekuak sortu behar dira. Konpostalekuak lur-eremu itxiak dira, 30-50m²koak ,eta herriko jendeak etxean, baratzean, belagaietan, basoan, mendian... sortutako zabor organikoa botako luke horrat: adarrak, hostoak, sukaldatu gabeko hondar organikoak, landareak... Bertan sortutako konposta herriko jendeak aprobetxatuko luke, ongarri ezin hobea baita bai baratzean erabiltzeko eta bai etxeko landareei botatzeko ere. Gainera, ongarria debaldekoa izanen litzateke, herrian edukiko genuke eta ekologikoa...
Udala horretarako toki bila dabil, bat herritik hurbil eta bertzea Berrizaun auzoan. Baina kontua ez du batere garbi: herritik hurbil nahiz Berrizaunen ez dagoelako lur komunalik. Hortaz, herritarrei laguntza eskatu die, norbaitek lur-eremu hauek zein izaten ahal diren zehazteko proposamenik baldin badu, Herriko Etxetik pasa dadila edo dei dezala. Edo norbaitek baldintzak betetzen dituen lur-sailik baldin badu, eta errandako lana egiteko lurra herriari utzi nahi baio, Udalarekin harremanetan jar daiteke. Hori bai, konpostalekuan egin beharreko lanak eta mantenimendua Udalaren esku geldituko lirateke.