San Fermin eguna ez zen besta izan lesakar guzientzat. Beti Gazteko Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobek Munduko Ironmanik gogorrena izendatua den Altrimanen parte hartu zuten Frantziako Les Angles-en. Sarobek ez zuen bukatzea lortu, baina Igartzabalek marka ikaragarria egin zuen, bigarren postuan sailkatzea lortu baitzuen.
Altriman lasterketaren laugarren edizioa izan zen uztailaren 7koa eta kirolariek 3.800 metro egin behar zituzten igerian, 198 kilometro bizikletan (8 mendi gain pasatuz eta 5.060 metroko desnibel positiboarekin) eta bukatzeko, maratoia (42.195 metro) lasterka.
Bixente Igartzabalek eta 2009 eta 2010ean ere irabazle izan zen Thierry Chatron frantziarrak lehia estua izan zuten proba osoan eta elkarrekin ailegatu ziren maratoiaren azken 200 metrotara, baina hor azken erasoa jo zuen frantziarrak eta ezin izan zion lesakarrak eutsi. 13 ordu, 6 minutu eta segundo bat behar izan zituen Chatronek proba burutzeko eta 35 segundo gehiago Igartzabalek. Antolatzaileek aipatu zutenez, orain arteko lehiarik estuena eskaini zuten eta marka handia lortu zuten. Horren, erakusgarri, hirugarren izan zen Laurent Marquez frantziarrak irabazleak baino 34 minutu eta 51 segundo gehiago behar izan zituen.