“Hondakin onena, sortzen ez dena” lelopean, plater, edalontzi eta mahai tresneri berrerabilgarria banatuko da, lehenbizikoz, aurtengo Berako bestetako herri bazkarian, datorren abuztuaren 6an. Berako Udaleko Mendi eta Ingurumen Batzordearen ekimenez, Besta eta Kultura Batzordearekin elkarlanean, bestetan sortzen den zabor kopurua murriztea eta horren gainean kontzientziatzea bilatzen du ekimenak.
Hala, herri bazkarira agertzen denak, kit oso bat jasoko du sarreran: platera, edalontzia eta mahaiko tresneria. 5 euroko fiantza bat paratu beharko du sarreran, eta kit osoa egoera onean itzultzen duenak 5 euro horiek berreskuratuko ditu, bazkariaren akaberan. Antolakuntzak, gainera, ez du onartuko kanpotik ekarritako erabilera bakarreko plastikozko materiala. Denon ahaleginarekin zabor kopurua murriztu, eta ingurumenean eragina ttikitzea bilatzen du ekimenak.
Antolakuntzak, ahalegina eskatu nahi die parte hartzaileei, ohartarazi daitezen zenbat jenderen ahalegina dagoen besta egin ahal izateko, eta ongi pasatzeko ez dela beharrezkoa hainbertze hondakin sortzea.