La Miguel Indurain Nazioarteko Txirrindularitza probak hogeita batgarren edizioa beteko du larunbat honetan, uztailaren 21ean Beran, eta urtero bezala, bi ibilbide paratu dituzte aukeran CC Beratarra taldeko antolatzaileek: luzea –186 km–, eta laburra –113 km–.
Lehenik, 08:30ean ibilbide luzeena aukeratzen dutenak abiatuko dira Eztegara pasealekutik. Sunbilla, Doneztebe, Mugairi, Almandoz, Belate (hornidura-gunea), Olague, Egozkue, Urtasun, Eugi, Artesiaga (hornidura), Irurita, Ziga, Belate (hornidura), Arraizko Benta, Iraizoz, Larraintzar, Orokieta, Orokietako gaina (hornidura), Saldias, Urrotz, Doneztebe eta Sunbillatik pasatuko dira, berriz ere Beran helmugaratzeko.
Gero, 09:00etan, ibilbide laburrenekoak abiatuko dira eta ibilbide berdintsua eginen dute Belatetik jautsi arte. Orduan, eskuinera hartuko dute Ultzama aldera eta Orokietan barna, berriz ere Berara bueltatuko dira.
CC Beratarra talde antolatzaileak behin eta berriz errepikatzen du proba ez dela konpetitzeko, baina beti izaten da lehiakortasun hori erakusten dutenak eta garaipenaren bila joaten direnak. Ibilbide luzeko markarik onena Mikel Azparrenek egin zuen 2007an, 5 ordu eta 10 minutuko denborarekin. Palmaresean, lau aldiz garaipena lortu du Kantabriako Ivan Santurdek, 2003, 2005, 2006 eta 2008an. Iaz, Xabi Aranguren igantziarra suertatu zen garaile. Ibilbide laburrean, Gernikako Antonio Alcañizek iaz egin zuen marka berria, 2 ordu, 54 minutu eta 26 segunduko denborarekin. Horrek erran nahi du larunbat eguerdia baino lehen hasiko direla ibilbide laburreko lehen txirrindulariak helmugaratzen.
Ibilbidea bukatzerakoan, luntxa eskainiko zaie txirrindulariei Altzateko frontoian. Sari banaketa 17:00etatik aitzinera eginen da Toki Ona kiroldegian.
Dortsalak eta dokumentazioa ortziral arratsaldean
Uztailaren 20an, ortziral arratsaldeko 15:30etik 21:00etara dortsalak eta dokumentazioa biltzen duen poltsa jasotzeko aukera izanen da Toki Ona kiroldegian, baita larunbat goizeko 06:30etik irteera ordua baino ordu erdi lehenagora arte ere.
Trafikoan ere eragina izanen du larunbateko probak eta kontuz ibiltzeko aholkua eman zaie, bai txirrindulariei, baita auto gidariei ere. Beran ibiltzeko, autoa ahalik eta guttien erabiltzeko aholkua eman dute. Eztegara pasealekua 08:00etatik 09:00etara moztuko da eta Altzaterako trafikoa Kaxernan barna desbidetuko da eta Bera aldera doazenek Legia karrika erabili beharko dute. 11:30etik 17:30era Eztegara pasealekuko karril bat partehartzaileentzat izanen da eta bertzea Altzatera doazen ibilgailuentzako. Bera aldera doazenek Legia karrika erabiltzen segitu beharko dute.