Fin dabil Itsaso Fagoaga lesakarra Skeet Olinpikoan. Alde batetik, Espainiako Kopa irabaztea lortu du aurten ere eta horrez gain, Nafarroako Txapelketa ere irabazi du bigarren aldiz. Duela aste batzuk Europako txapelketan ez zuen ongi tiratu, baina Valentzian, Espainiako lehian, berriz ere bere mailara hurbildu zen, garaipena lortuz. Valentziako txapelketan bero handia egin zuen eta ondorioz, ez ziren marka handiegiak egin. Txapelketa 75 platerera izan zen (25 platereko 3 serie) eta Itsaso Fagoagak 64 puskatu zituen, bere marka onenetik urruti.
Uztailaren 1ean, bertzalde, Nafarroako Txapelketako bigarren zatia jokatu zuen eta Antonio Jabier Fagoaga aita izan zuen aurkari nagusia. Antonio Jabier aitak lehen saiotik zeukan lau platereko abantailari buelta eman eta bigarren aldiz Nafarroako Skeet Olinpiko txapelketa irabaztea lortu zuen Itsaso alabak Baldorban.
Haize haundia ibili zen Baldorban eta tiralari gehienek normalean baino emaitza kaxkarragoak lortu zituzten bitartean, Itsasok bere mailan tiratzea lortu zuen. Azkenean, Itsaso izan zen Nafarroako txapeldun eta Antonio Jabier azpitxapeldun. Itsasok 50 plateretik 42 hautsi zituen txapelketaren bigarren fase honetan.
Espainiako Skeet Olinpiko Txapelketa, berriz, sanferminetan egitekoa zen, baina urrira gibeleratu dute.
Bertze aldetik, Itsaso Fagoaga eta Xagu bere zakurra hirugarren gelditu ziren Nafarroako basurde arrastoko txapelketan eta horrek, uztailaren 14an Kantabrian jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzeko eskubidea eman dio lesakar gazteari eta «ikasteko gogoz» doa.