Nafarroako Futbol Federazioak, Erriberako Futbol Eskolaren bitartez hogeigarren aldiz antolatu duen kanpusaren lehenbiziko txanda egiten ari dira aste honetan Lesakan. Chus Rodriguez arduradunak aipatu digunez, hameka eta hamabi urte arteko 61 mutiko ari dira uztailaren 9tik 15erako aste honetan.
Uda honetan, Mastegiko futbol zelaiaren berdegunea berritu dute eta horixe estreinatzen lehenak kanpusekoak izan dira. Izan ere, asteazkena bitarte ezin izan dute zelaira sartu, lanak bukatu gabe baitzeuden. Horregatik, astelehenean, Irain pilotalekuan eta eskolako pistan egin dituzte ariketa ezberdinak eta asteartean Hondarribiara joan ziren, eta Ondartzako belar naturaleko zelaia erabiltzeko aukera izan zuten. Hirugarren egunean bai, Mastegira sartu eta berdegune dotorean aritzeko aukera izan dute.
Zortzi monitore ari dira lanean, Jose Mari Pastor, Javier Rodriguez, Alvaro Haro, Pablo Martinez, Juan Mari Campo, Daniel Castillo, Mikel Corera eta Josu Mendia Bigarren txandan Jon Marzo ere ariko da. Guziek futbol entrenatzaile titulua dute, gehienak Soin Hezkuntzan lizentziatuak dira eta batzuk futbol jokalariak ere badira.
Chus Rodriguezek eskerrak eman dizkie aurten ere bai Lesakako udalari, bai Beti Gazte elkarteari, ematen dituzten erraztasunengatik. Izan ere, campus honen hogeigarren edizioa da aurtengoa eta Lesakan egin dira azkeneko hamekak. Berez Erriberako Eskolak gauzatutakoa izanik, Cabanillas, Lodosa, Gares eta Beiren eginkatu dute, baina Lesakan laketu dutela onartu du Rodriguezek.