Uztailaren 4an hasi ziren Legia karrikan zola moldatzeko lanak eta 15 bat egun iraunen dutela iragarri du enpresak. Makurren dauden zatiak konponduko dira. Udalak badaki hori ez dela karrikak behar duen behin betiko soluzioa, «baina oraingoz hori da egiten ahal duguna», dio.
Legia 21etik Foruen Plaza bitarte ariko dira eta egoerak eskatuta, lehenengo markatutako eremuak zulatuko dira. Behin zulatuta, lanak bukatu arte ezin izanen da hortik autoz pasatu. Kanttonberriko bidegurutzean moztuko da autoz pasatzeko aukera. Salbuespen bakarra Legia 19, 21 eta 23 etxetaraino hurbiltzeko aukera izanen da, bizilagunak bakarrik eta kontuan izan behar da denentzako tokirik ez dela izanen. Kasu horretan ere Txepetxaren parean autoak lerroan aparkatzea proposatu du Udalak. Tarte horretan dauden zaborrontziak ere kendu eta Rozas parera eta Foruen Plazara eramanen dira.