Mendian dabiltzan ardien gibeletik joaten diren zakurrek arazoak sortzen dizkiete Berako artzainei eta hauek «Aski da!» errateko tenorea dela uste dute. Ez da oraingo arazoa, «gure aitatxi-amatxiek ezagutu zuten eta, zoritxarrez, gure bilobek ere ezagutuko dute», dio Kauleko Jabier Portuk, baina zerbait egin beharra dagoela uste du. Sinadura bilketak, udal bandoak, kartelak… denarekin saiatu dira, baina arazoak hor segitzen du, «Beran bezala, inguruko herri gehienetan ere berdintsu».
Ardiak erasotzen dituzten zakurrekin Beran arazo handia duzuela salatu duzue. Zer gertatzen da?
Aspalditik datorren arazoa da. Gauza normala bezala hartzen da. Behin eta berriz pasatzen da eta inork ez du deus egiten. Azkenean nardatu gara eta aski da! errateko garaia heldu da. Neurriak hartu beharko dira, edo jendea kontzientziatu edo nik zer dakit.
Berriki autsikituak ere agertu dira ardiak…
Zia auzoko baserritar bati 12 ardi autsikitu zizkioten gauez, errea zegoen eta hasiera batean ez genuela denuntziatu behar, baina azkenean foruzaingoari denuntziatu genion. Kalteak erakutsi genizkien eta egoera azaldu, eta zakurren nagusiari idatzi beharko geniola erantzun ziguten, sinadurak bildu, Herriko Etxearekin egon… Bilerak egin ditugu, baina ez dugu nahi gure kontuan bakarrik gelditzea, inguruko jendea eta ondoko herrietan zer arazo dugun ohartzea nahi dugu. Mendian kontzen ditugu eta zer egin behar dugu? Egunero sartu barrenean? Uda bete-betean gaude eta! Mendian igual, egunero bajak… Ez duzu inolako laguntzarik baina halakoak egunero, azeria ez bada zakurra.
Azeriarekin ere arazoak dituzue, beraz…
Azeriarekin ere arazo handia izaten da, bai. Guk Larungo kaskoan kontzen ditugu etxeko ardiak eta negurako jausten ditugu, baina sasiardi horietikan ere bertze horrenbertze izaten dugu eta horiek urte osoan mendian kontzen ditugu eta azeriarekin nahiko lan badugu.
Baina zakurrek eragiten dizuete burukominik handiena…
Azeria naturan dugu eta hori onartu behar da, baina zakurrarena jabeen arduragabekeria da eta jendeari ez zaio inporta. Nik baditut kasuak pasatuak, eta nagusiari deitu eta ez dizute telefonoa hartzen, edo zure ustez kalteordaina balio duena eskatu eta irri egiten dizute. Larunbatetan eta igandetan jende aunitz ateratzen da mendira eta kristoren zakur pila. Batzuk, noski baietz, bere ondoan kontzen dute, baina bertze aunitzi ez zaie deus inporta. «Ez dute deus egiten, jostetan aritzen dira!», erraten dute, baina ez da hori kontua. Sasiardi horiek aunitzetan bildotsarekin izaten dira neguan eta zakurra bere ondotikan arrankatzen duenean, akabo! Ahazten ditu bildotsak eta denak eta gero, bildots hori azeri-bazka da. Ez dugu erraten lotua eraman behar direnik zakurrak, baina kontrolpean! Zerbait egin beharra dago.
Lehendik ere bandoak atera ditu Herriko Etxeak…
Herriko Etxetik ailegatuko zaizu karta bat, baina karta hori hartu eta normalean zaborrera joanen da. Duela bi urte auzolanean kartel batzuk ere jarri genituen, zakurra kontrolpean eraman behar dela adieraziz eta ongi dago, baina azkenean jendeak ahantzi egiten du. Nire irudikoz, hori eskolan haurrei erran beharreko zerbait da. Arbolak zaintzeko erraten diegu, birziklatu behar dela erraten diegu, eta hau ere erran behar diogu. Lau ardi gelditzen dira mendian eta abudo ez da bakarrik ere geldituko. Azaldu behar diezu zakur bat duzunean, kristoren arazoa bihurtzen ahal dela ez baduzu ongi kontrolatzen. Gero, haur hori bere gurasoekin mendira joatean erranen die, «Aizu atta!, eskolan erran digute mendian kontu eman behar dela zakurrekin, ardiak izaten direlako».
ZAKURREN HEZIKETA
«Zakurra mendira atera baino lehen hezi egin behar da eta gazte jendea ez dago horretarako prestatua. Ezin dira mendian esperimentuak egiten ibili, gure ardiak direlako».