Lesakako Sanferminak uztailaren 6tik 10era ospatuko dira

TTIPI TTAPA 2012ko uztailaren 6a

Zubigainekoa dantzatuko dute San Fermin egunean Onin errekaren petriletan. Artxiboko argazkia

52.000 euroko aurrekontua izanen duten besten txupinazoa Gernikako bonbardeketen lekuko izan zen Joxe Iturriak eta presoen senideek botako dute

Uztailaren 6an, ortziraleko bezpera eguneko eguerdian Herriko Etxetik botako den altxaferoak hasiera emanen die Lesakako Sanferminei. Gernikako bonbardeketen lekuko izan zen Joxe Iturria eta herriko presoen senideek botako dituzte lehen altxaferoak, 52.000 euroko aurrekontua izanen duten besta hauek hasiera emanez.

Uztailaren 6an, ortziraleko bezpera eguneko eguerdian Herriko Etxetik botako den altxaferoak hasiera emanen die Lesakako Sanferminei. Ondotik, Txistulari, soinulari, trikitilari eta haur ttikien danborradak girotuko dituzte karrikak. Eguerdian Ezkil jotzea ere eginen da. 17:30ean Frontoian, Tantirumairu Dantza Taldearen erakustaldia. 20:00etan Peñen ordezkariek altxaferoa bota ondotik, danborrada nagusia abiatuko da erraldoi eta buruhandi, danbor-jole eta soinulari, eta Lesakako Bandaren itzulia karrikaz karrika. 22:00etan Herriko musika taldeen emanaldia izanen da plazan, Askatu eta Arma Tiro Punk taldeekin. Gauerditik aitzinera Musika Plaza Zaharrean, Trikidantz taldearekin.

 

Uztailaren 7an San Fermin eguna

Uztailaren 7an, larunbatean, San Fermin egun handia ospatuko da. 08:30ean Ezpatadantzarien meza isila eginen da. Joan-etorria Txistulari bandaren laguntzaz eginen da. 10:30ean Udalbatza Ezpatadantzari eta Musika Bandarekin batera, herriko ikurrak aitzinean dituztela abiatuko dira Herriko Etxetik elizara. Mezan, Lesakako Abesbatzak parte hartuko du. Ondotik prozesioa eta, elizara itzuli ondotik, Udalbatza bere segizioarekin Eskolttikira jautsiko da Onin errekaren bi aldeetan egiten den Zubigainekoa ikustera. Bandera-arbola doinuari dagokion ikurrin-agurra eginen da zubi gainean. Agur edo dantza bera Plaza Zaharrean, ikurra Herriko Etxera igan aitzinean. 18:00etan Bezperak; Elizarako eta Elizatik joan-etorria Meza Nagusira bezala eginen da. Bezperetan, Lesakako Abesbatzak kantatuko du. Bezperen ondotik eta ohiturari jarraituz, Ezpatadantzari taldeak Mutil-dantza, Neska-dantza, Aurresku eta Jotak dantzatuko ditu Plaza Zaharrean. 19:30ean Plaza Zaharrean, bertso jaialdia izanen da, Arrano Elkarteak antolatua. Errimak Exkaxko bardo txapeldunen agurraren ondotik, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Julio Soto eta Xabier Silveira ariko dira bertsotan eta Garazi Conde izanen da aurkezlea. Gauez musika izanen da Plaza Zaharrean, Endara DJs taldearekin.

 

Uztailaren 8an Peñen Eguna

Uztailaren 8an, igandean, Peñen Eguna izanen da. 09:00etan Peñen gosaria eginen da. 10:00etan Peñen danborrada, Pasai Txarangarekin. 12:00etan Betizuak lehen aldiz ikusiko dira Plaza Zaharrean, Pasai Txarangaren animazioarekin. 17:00etan Plaza Zaharrean haurrentzako ikuskizuna izanen da. 18:00 Peñen kontzentrazioa eginen da Peñen jeitsierarako Pasai Txarangarekin. 21:00etatik aurrera Musika Plaza Zaharrean Tximeleta taldearekin.

 

Uztailaren 9an Haurren Eguna

Uztailaren 9an, asteleheneko Haurren Egunean ere zenbait berrikuntza izanen dira. 10:30ean Haur eta gurasoen danborrada izanen da Pasai Txarangarekin. 11:30ean Haurrentzako entzierroa izanen da kartoizko zezenekin ikastolatik plazara. 12:00etan Haur animazioa, ‘Gorriti’ren aziendekin, Eltzeta plazan. 12:00etan Betizuak aterako dira Plaza Zaharrean, Pasai txarangaren animazioarekin. 17:00etan Plaza Zaharrean haurrentzako tailerrak izanen dira eta Patxi Perezen emanaldia. 18:00etan Frontoian, profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira. Arratsaldez Pasai txaranga ibiliko da karriketan. 23:00etatik aurrera Musika Plaza Zaharrean Triki ta ke taldearekin.

 

Uztailaren 10ean, Bikoteen Eguna

Uztailaren 10ean, asteartean, azkenik, Bikoteen Eguna ospatuko da. 10:00etatik 12:00etara Haurrentzako tailerrak izanen dira Koskontako Bideko Plazan. 11:30ean haurrentzako entzierroa kartoizko zezenekin Bittiriako plazara. 11:30ean Zahar Etxeko lorategian Nafarroako Jotak izanen dira, Voces del Ebro taldearekin, San Fermin Elkarteak antolatua. 12:00etan Betizuak, Plaza Zaharrean, Pasai Txarangarekin. 14:00etan Herri bazkaria izanen da Eltzetan. 18:00etan Plaza Zaharrean, Nafarroako Jotak, Voces del Ebro taldearekin. 18:00etan Eskolttikitik Txakainera kalejira Musika Bandarekin. 20:00etan Txakaindik jeitsiera, Zortziko doinuarekin. Arratsaldez eta gauez Musika Plazan Modestorekin eta 03:30ean Jai-Hilak edo Pobre de Mi Pasai Txarangarekin.

 

52.000 euroko aurrekontua

Aurtengo Sanferminen aurrekontua 52.000 eurokoa dela aipatu digu Ainara Flores zinegotziak, «iazkoa baino merkexeagoa». Horri, garbitasunaren 25.000 euroak gehitu behar zaizkio. Besten antolaketan zerbait aipagarria izan bada, aurten batzordearen lana izan da, hilabetero bildu eta proposamenak lantzen eta zehazten aritu baita 15-20 laguneko taldea. Ttikienei arreta berezia jarri die batzorde horrek eta honela, 16 urtetik beheitikoek zezenetan ezin dutela atera kontuan hartuz, kartoizeko zezenekin entzierroak paratu dituzte azkeneko bi egunetan eta barrakatan prezio herrikoiak izanen dira. «Euro terdi kostako da bidai bakoitza eta horretaz gain kartelak eta musika euskaraz izanen dira», erran digu Floresek. Azken egunean herri bazkaria ere antolatu da Eltzeta Plazan eta zenbatsu jende izanen den aurreikuspen bat egiteko, uztailaren 6a izanen da izen emateko azken eguna, Telletxea argazkidendan eta Turismo Bulegoan. Lesakako Udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu, denen artean montatu eta norberak eraman beharko du bere bazkaria, denak batera bazkaltzeko. Egitarau ofizialaz gain, bezperan herri gosaria izanen da txoznatan, gazte poteoa ondotik eta “Euskal presoak eta iheslariak etxera!” izenburupean manifestazioa arratsaldean, “Gazta Zati bat” dokumentalaren soinu-bandaren aurkezpena Atxaspin eginen dela ahantzi gabe. San Fermin eguneko bertso saioaren ondotik gazte aldarrikapen poteoa eginen da Elektrotxarangarekin eta uztailaren 9an, parrillada izanen da txoznatan eta triki-bertso-joku-poteoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun