Bixente Igartzabal lesakarra bigarren izan da Munduko Ironmanik gogorrenean

TTIPI TTAPA 2012ko uztailaren 11

Bixente Igartzabal Altrimango podiumaren bigarren koxkan. Utzitako argazkia

Uztailaren 7an burutu zen Altrimanean, irabazlearengatik 35 segundura sartu zen

San Fermin eguna ez zen besta eguna izan lesakar guzientzat. Lesakako Beti Gazte taldeko Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobek Munduko Ironmanik gogorrena izendatua duten Altrimanen parte hartu zuten Frantziako Les Angles-en. Sarobek ez zuen bukatzea lortu, baina Igartzabalek marka ikaragarria egin zuen, bigarren postuan sailkatzea lortu baitzuen.

San Fermin eguna ez zen besta eguna izan lesakar guzientzat. Lesakako Beti Gazte taldeko Bixente Igartzabal eta Alejo Sarobek Munduko Ironmanik gogorrena izendatua duten Altrimanen parte hartu zuten Frantziako Les Angles-en. Sarobek ez zuen bukatzea lortu, baina Igartzabalek marka ikaragarria egin zuen, bigarren postuan sailkatzea lortu baitzuen.

Altriman lasterketaren laugarren edizioa izan zen uztailaren 7koa eta kirolariek 3.800 metro egin behar zituzten igerian, 198 kilometro bizikletan (8 mendi gain pasatuz eta 5.060 metroko desnibel positiboarekin) eta bukatzeko, maratoia (42.195 metro) lasterka, zati batean mendiko errepideetatik.

Bixente Igartzabalek eta 2009 eta 2010ean ere irabazle izan zen Thierry Chatron frantziarrak lehia estua izan zuten proba osoan eta elkarrekin ailegatu ziren maratoiaren azken 200 metrotara, baina hor azken erasoa jo zuen frantziarrak eta ezin izan zion lesakarrak eutsi. 13 ordu, 6 minutu eta segundu bat behar izan zituen Chatronek proba burutzeko eta 35 segundu gehiago Igartzabalek. Halere, ikusleek txalo zaparrada handi batekin hartu zituzten bi lehenbiziko sailkatuak, Benoit Phallipou antolatzaileak aipatu zuenez, orain arteko edizioetako lehiarik estuena eta zirraragarriena eskaini baitzuten eta marka handia lortu zuten. Horren, erakusgarri, hirugarren izan zen Laurent Marquez frantziarrak irabazleak baino 34 minutu eta 51 segundu gehiago behar izan zituen.

Chatronek 16 minutuko abantaila atera zion Igartzabali igeriketako atalean, baina lesakarrak buelta eman zion bizikleta gainean, atal horretako denborarik onena egin baitzuen. Halere, frantziarrak 3 minutuko abantailarekin ekin zion maratoiari, hobekiago kudeatu baitzuen atal baten eta bertzearen arteko transizioak. Maratoiaren 12. Kilometroan, halere, Igartzabalek frantziarra harrapatu zuen eta alternatiba ugariren ondotik, batera ailegatu ziren estadioaren atera. Bixtan denez, frantziarra frexkoago ailegatu zen, baina Bixente Igartzabalek egindako proba ikaragarria izan zen.

Alejo Sarobe ongi ibili zen bizikletako proban, baina oinezko lasterketa utzi behar izan zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun