Antonio Jabier Fagoaga aitak lehen saiotik zeukan lau platereko abantailari buelta eman eta bigarren aldiz Nafarroako Skeet Olinpiko txapelketa irabaztea lortu du Itsaso Fagoaga lesakarrak uztailaren 1ean Baldorban.
Haize handia ibili zen Baldorban eta tiralari gehienek normalean baino emaitza kaxkarragoak lortzen zituzten bitartean, Itsaso Fagoagak bere mailan tiratzea lortu zuen. Honela, igandeko lehenbiziko seriean aitak zeukan lau platereko abantailari buelta eman eta bi aitzinetik paratu zen alaba. Bigarren seriean biek berdin egin zutenez, azkenean Itsaso suertatu da Nafarroako txapeldun eta Antonio Jabier azpitxapeldun. Itsasok 50 plateretik 42 hautsi zituen txapelketaren bigarren fase honetan.
Orain Espainiako basurde arrastoko txapelketara
Bertze aldetik, Itsaso Fagaga eta Xagu bere zakurra hirugarren gelditu ziren Nafarroako basurde arrastoko txapelketan eta horrek, uztailaren 14an Kantabrian jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzeko eskubidea eman dio lesakarrari.
Bertze urte batzuetarako esperientzia hartzeko helburuarekin joanen da Itsaso eta «hango maila hagitz handia izanen da eta ahalik eta hobekien egiten» saiatuko dela erran digu. Alde horretatik, Nafarroa nahiz Espainiako txapelketarako prestaketan laguntzen ari diotenei eskerrak eman nahi izan dizkio, «batez ere Pika eta bere basurdeari, txapelketetan maila handia izaten da eta pixka bat prestatzeko laguntza haundia eman didate».