Larretxea atta-semeak Nafarroako txapeldun lehendabizikoz

Ttipi-Ttapa 2012ko uztailaren 9a

Saioa bukatutakoan, Oihan semea attarengana joandakoan.

Nafarroako Bikotekako Txapelketa irabazi dute Iruñeko sanferminetan

Joan den urtean hirugarren sailkatu ondotik, aurten txapelaren jabe egin dira Donato eta Oihan Larretxea atta-semeak. Ebaki beharreko 12 pago-enborrak ebalki ondotik, minutu eta 10 segundoko aldea atera diote Jon Rekondo eta Ander Erasun txapeldunorde bikoari, eta, 2 minutu eta 22 segundoko aldea Juan Jose Lopez-Aitor Senosiaini.

Uztailaren 8an jokatu zen Nafarroako Bi-bitako Aizkora Txapelketa Iruñeko Foru plazan, eta hiru bikote aritu ziren lehian: Donato eta Oihan Larretxea atta-semeak (Arantza eta Bera), Juanjo Lopez eta Aitor Senosiain (Lezaun eta Olagüe), eta Jon Rekondo eta Ander Erasun (Leitza eta Aurtitz). Biko bakoitzak hamabina pago-enbor ebaki behar izan zituen: Sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako. Kasik hasieratik hartu zuten probaren burua larretxeatarek eta lehen postuan jarraitu zuten amaiera arte. Lan erdietan (seigarren enborra), 52 segundoko aldea atera zieten (10:40) orduan bigarren ziharduen Lopez-Senosiain bikoari (11:32) eta 59 segundokoa Rekondo-Erasun bikoari (11:39). Hain zuzen ere, horien bien artean oso borroka estua gertatu da bigarren posturako norgehiagokan, eta hondarrera ere nahiko parean egin dute, azkenean Rekondo-Erasun bikoa gailendu bada ere.

Erasun eta Aitor Senosiain lehen aldiz aritu dira txapelketan. Bertzetik, berez Oihan Larretxea ez zen txapelketan aritzekoa, baina Antonio Senosianek ez duenez esku hartzerik izan, Oihan gazteak bete du berelekua. Kontuan hartu behar da bi-bitako txapelketan esku hartzeko, iazko Nafarroako Maila Nagusiko Aizkora Txapelketaren kanporaketako sei onenak aritzen direla gehienetan, baina baten batek huts eginez gero, zazpigarren edo zortzigarren sailkatuek egiten dute ordezkotza, aurten gertatu den bezala.

Azken garaipen honekin, Donato Larretxeak seigarren aldiz jantzi du txapela kide desberdinekin; Oihanek, aldiz, lehenbizko aldiz jantzi du txapela. Bertzalde, gaurko txapeldunek ezin izan dute ondu 1994an Jaunarena-Nazabal bikoteak ezarritako marka: 20:42.

2012ko sailkapena:

1-Donato eta Oihan Larretxea aita-semeak (Arantza/Bera; 52 eta 22 urte): 23:08

2-Jon Rekondo eta Ander Erasun (Leitza eta Aurtiz): 24:18

3-Juanjo Lopez eta Aitor Senosiain (Lezaun eta Olagüe): 25:30

2011ko sailkapena:

1.- FLOREN NAZABAL – JON REKONDO: 22:21.21

2.- JUAN JOSE LOPEZ – ANTONIO SENOSIAIN: 22:41.95

3.- DONATO LARRETXEA – OIHAN LARRETXEA: 23:15.04 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun