Joan den urtekoa esperientzia urtea bezala hartu ondoren, aurtengoan negu eta udaberrian burubelarri aritu dira Berako Manttale Ttikiko adin guztietako lasterkariak Nafarroako Kirol Jokoetan. Larunbatero jokatu dituzte proba eta maila desberdinetako hainbat ekitaldi eta maiatzetik lehia guztietan puntan ibili direnek finaletan parte hartzeko saria jaso dute.
Lehenik, Andoni Lazkanotegi infantil mailako 1.000 metroko finalean izan zen; Nafarroako onenen artean sartu zen eta finalean azken postuarekin konformatu behar izan bazuen ere, 03:04 minutuko denborarekin garapen ikusgarria izan duela erakutsi zuen.
Eta ekainaren 2an, berriz, Burlatako egoitzetan benjamin mailako (2004-2003 urteen artean jaiotakoak) finalak jokatu ziren. Manttale Ttikiko hiru lasterkari 500 metroko finalean aritu ziren eta garaile, aurten jokatu dituen proba guztietan egin duen bezala, Aimar Etxeberria beratarra izan zen,01:37 minutuko marka ikusgarria eginez. Unai Garro eta Eneko Garcia ere finaleko lehian aritu ziren maila ederra emanez.