Maiatzaren 30ean, Arkupeak-eko 250 bat lagun Larunera joan ziren azken zatia trenez eginez. Ondotik, Sarako lezeak ezagutzeko aukera izan zuten eta eguerdian, Zugarramurdin bazkaldu zuten. Jose Angelen musika doinuak ere lagun izan zituzten, Zugarramurdiko hiru abeslariren lana ere gogotik txalotua izan zen, eta Fernandori zorionak kantatu zizkioten. Baina zoritxarreko ezbeharrak tristetu zuen eguna, dantzaldiko lehen dantzaren ondotik, Manuel Dagerre Berako ordezkaria bihotzekoak jota hil egin baitzen. Ekainaren 1ean egin zen bere aldeko meza eta Berako eliza bete egin zen. Ez gara Manueli gorazarre egiten hasiko, baina ezagutzen zutenek badakite nolakoa zen. Bi hitzek deskriba dezakete bere bizitza: besteenganako erabateko entrega desinteresatua eta bere izpiritu baikor, alai eta atsegina. Ohorea izan da bera ezagutu eta bere laguntzarekin kontatu izana.