Lesakako Musika Bandaren eskutik munduari bira emanaldia eskainiko da ekainaren 29an, ortziral arratseko 21:45etik aitzinera, Eskolttikiko aparkalekuan.
Sarrerak ondorengo lekuetan salgai daude, 3 euroren truke. Lesakan, Zialdo, Koxkilla, Izarra eta Ogiberrin. Beran, Errekalde, Xuga eta Saroben. Etxalarko Herriko Ostatuan. Igantziko La Villa eta Allinea ostatuan. Doneztebeko Ameztia eta Titin eta Elizondoko Futbolinen.
Sarrerak emanaldia ikusteko eta herrialde ezberdinetako janaria dastatzeko aukera emateaz gain, asteburu baterako egonaldiaren zozketan parte hartzeko aukera ere ematen du.
Kontzertua bidai bat bezala antolatu dute eta aurkezle batzuen bitartez bertze herrialdetako kantak joko dituzte. Antzeztokiak hegazkin itxura hartuko du eta ‘azafatek’ musikariek beraien doinuen bidez irudikatzen dituzten herrialdetako janari tipikoak probatzera emanen dituzte. Gainera, leku horietako bakoitzeko dantzak edo ikuskizunak ere taularatuko dira.
Ekitaldiz betetako asteburua Sanferminen aitzinetik
Ortziraleko kontzertuak, Sanferminen aitzineko asteburuan Lesakan ohikoak diren bertze ekitaldi batzuei hasiera emanen die. Honela, ekainaren 30ean, larunbat arratsaldeko 15:30ean Ilasmendiko tiro-eremuan plater tiro lehiaketa antolatu du Pagolleta Ehiza Elkarteak. 16:00etan, Arkupe pilotazale elkarteak antolatuta haurren pilota erakustaldia eginen da frontoian.
Uztailaren 1ean, igande eguerdiko 12:00etan profesionalen arteko pala partidak jokatuko dira eta arratsaldeko 17:30ean hasita, Baztan-Bidasoaldeko XV. Trikitixa txapelketa jokatuko da Plaza Zaharrean.