«Sanferminak fotogenikoak dira, baina argazkietarako nahiago ditut inauteriak»

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 27a

Matixa Oteiza eta Jasone Maritxalar, lehiaketako irabazle suertatu diren beraien lanekin. Aitor Arotzena

Familiako negozioa izaki eurena, Telletxea argazkidendan laguntzen ttikitan hasi zen Jasone Maritxalar eta 18-19 urterako lanean hasi zen. 45 urterekin, lehen aldiz irabazi du Sanferminetako kartel lehiaketa. «Bizpahiru aldiz aurkeztu dut –dio berak–. Batean neska dantzarien irudia aurkeztu nuen, baina horizontalean eta joan den urtean nahita bertikalean atera nuen argazkia, kartelean sartu ahal izateko. Ezpatadantzariak ere sartu nituen argazkian, iduriz, neskenak bakarrik ez duelako arrakastarik».

Berak emakume dantzariak aukeratu ditu bere karteleko gai zentral moduan. «Orain herri bozketarekin beharbada aldatu da, baina lehen ez bazen ezpatadantzaririk agertzen hagitz zail zenuen irabaztea, noski. Orain, botazioa popularra denez, badirudi gauza gehiago probatzen ahal direla, baina azken finean dantzariak dira hemengo berezitasuna eta normala da sartzea ere» aipatu digu Telletxeak. He­rri bozketa bidez aukeratua izateak ere poz handia ematen dio, «hagitz diferentea da, zure lana jendearen gustokoa izan dela erran nahi duelako. Bertze modura badakizu epaimahai bateri gustatu zaiola, baina beharbada jendeari ez». Lanbidez argazkilaria, Sanferminak fotogenikoak ote diren galdegin diogu: «Bai, fotogenikoak dira, baina nahiago ditut inauteriak. Sanferminetan badirudi beti gauza bera ateratzen ari zarela, txuria eta go­rria, hagitz zaila da gauza ezberdinak sortzea. Neretzat argazkiak ate­ratzeko politagoak dira inauteriak, gauza ezberdinak izaten direlako». Hori bai, sanferminetan goizero lanera joan behar izaten du, «baina eguerdi parteko ‘marianitoa’ eta arratsaldean eta arratsean ere ateratzen naiz, ‘nolabaitere’ pasatzen dugu astea». Aspaldi egun horretan ateratzen ez bada ere, Betizuak peñako kide da Jasone. Hiru urtez dantzari ere izan zen, «denbora hartan nesken kapitaina alkatearen alaba izan behar zuen beti, orain zozketa egi­ten dute» gogoratzen du.

Bestetatik politena, Sanfermin goizeko dantzarien abiatzea iruditzen zaio, «plazatik abiatzen direnean. Peñen jautsiera ere polita da. Bakillak ere aunitz gustatzen zaizkit. Bada jendea kendu beharko zirela erraten duena, baina neretzat ez!» jakinarazi digu Telletxeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun