Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasten du Euskal Herriko Unibertsitatean Matixa Oteiza, 19 urteko lesakarrak. Lehen aldiz, Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketara bere lanak aurkeztu ditu eta azal lehiaketan irabazle suertatu da, zintzilikatutako espartzinak agertzen dituen argazki batekin. «Ezpatadantziarietan oinarrituta egin diren lanak hagitz politak iruditu zaizkit, –aipatu digu– baina zerbait desberdina egiteko gogoa nuen. Lagun batekin kalera ateri nintzen argazkiak ateratzera eta ideia hori atera zen azkenean».
Sanferminak gogoko ditu eta ahal duen ekitaldi gehienetan gogotsu hartzen du parte. «Suposatzen dut lesakarrak diren bertze guztientzat bezala, Sanferminak bereziak dira niretzat eta gogo anitzekin hartzen ditut urtero. Oraingoz ez dut aukerarik izan dantzari izateko, baina peñen egunean eta ahal dudan guztian gogotsu parte hartzen dut» aipatu digu Frain peñako kide den neska gazteak.
Egunez edo gauez, besta noiz nahiago duen galdetzerakoan zalantza gehiago agertu ditu: «Ez dakit, ezin dut bat edo bertze aukeratu. Sanferminak gau eta egunez bizitzen dira eta momentu bakoitzak badu bere xarma». Sanferminetan gehien gustatzen zaion eguna peñen eguna baldin bada ere, «ekitaldi bat hautatzekotan San Fermin egunean dantzariek dantzatzen duten Zubigainekoa aukeratuko nuke». Gaur egungo egitarauan dena gustatzen zaio Matixari, baina posible izanen balu «kontzertuak ekartzea gustatuko litzaidake, berbena eta dj-ez gain» jakinarazi digu. Krisi garai hauetan, 400 euroko saria ongi etorriko zaiola ere onartu du Oteizak, «400 euro ez daude inoiz soberan, baina momentu hauetan inoiz baino gehiago eskertzen dut saria. Sanferminak lasaiago pasako ditut». Gainera, abuztuan Brasilera joatekoa da ikasketekin segitzera eta ikasturte osoa han eman behar duenez, horretarako ere ongi etorriko da saria. Uztailaren 11n, behin Lesakako sanferminak bukatuta, Iruñera kuku egitera ere joanen omen da. «Normalean etxean gelditzen naiz bestondoa pasatzen, baina aurten Iruñera joateko intentzioa dugu, gorputzak erantzuten badu behintzat».