«Lagunekin eta familiarekin afaldu edo trago batzuk hartzea faltan somatuko dute

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 27a

Aitor Arotzena

Presoen senideek izanen dute aurten Sanferminetako lehen suzirietako bat botatzeko aukera eta horien ordezkari gisara, Gaizka Sarasolarekin izan gara. «Lehen jendearen onarpena bagenuen, –dio Gaizkak– baina orain udalarena ere bai, beraz, erdi ezkutuka, erdi bo­rrokan ibiltzetik jendaurrera irekitzeko eta onarpen horretarako pausu modura ulertzen dugu txupinazoa bota ahal izatea».

Preso dagoenarentzat, eguneroko dinamikan sarturik, bestetan ez dela aldaketa handi­egirik ere erran digu: «Bakoitzak berea bizituko du, baina han eguneroko dinamikan sartuak daude. Halere, noski, oroitzen dira herrian bestak direla eta horrelakoetan nahiago izaten dute etxekoak, senideak eta lagunak bisitan ez joatea, hauek ere bestetaz gozatu ahal izateko, bai baitakite guretzat ere besta egitea garrantzi­sua dela. Beraiek barrenean igual zerbaitera gonbidatuko dituzte lagunak eta horrelako gauzak, baina eguneroko dinamika horretatik sobera atera gabe». Ez du uste normalak baino egun tristeagoak direnik ere beraientzat, «bestak direla oroituko dira eta lagunak eta senideak besta egiten eta ongi pasatzen ariko direla gogoratuko dute, baina ez dut uste tristeagoak izanen direnik. Beharbada lagunekin edo familiarekin afaltzea, bazkaltzea edo trago batzuk hartzea faltan botako dute», dio. Momentuaren arabera, senideak egun horietan gehixeago oroitzen direla ere onartzen du Sarasolak, «preso dagoena noizbait ezpatadantzaria izan bada dantzako momentu horretan igual beraietaz oroitzen zara edo nola egiten zuen dantza gogoratzen duzu. Momentu berexi eta puntual horietan gehiago oroitzen zara, baina urte osoan ere badira momentu puntual horiek, oroitzapen ezberdinak burura etortzen zaizkizun egun bereziak. Aunitzetan preso dagoenaren bizipenaren araberakoak izaten dira oroitzapen horiek ere».

Lesakako presoen senideek banaz bertze 1.600 km egin behar izaten dituzte bisita aldiro. Hortaz, «Sanferminetan normalean Lesakan bizi ez diren senideek edo lagunek egiten dituzte bisitak, he­rriko jendeari libratzeko modua eskainiz nolapaitere. Aste bukaera guzietan izaten dira bisitak eta egun horietan ‘opo­rrak’ ematen dizkigute», erran digu Gaizkak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun