Kultura Batzordeak kultur emanaldi batera gonbidatuko ditu irakasle, ikasle eta boluntarioak.
Aurten lehenbiziko aldiz, Euskaltegia eta Solaslaguna programa landu dira herrian eta bi ekimen horietan parte hartu duten ikasle, irakasle nahiz boluntarioei euren gogoa eta euskararen alde egin duten ahalegina eskertzeko asmoz, bai Udaleko Kultura Batzordeak eta bai eskolak ere ondokoa erabaki dute:
Alde batetik, eskolak eta Guraso Elkarteak euskaltegian parte hartu duten ikasleen gurasoei matrikularen zati bat ordainduko diete, euskaraz ikasten duten seme-alaben guraso erdaldunek egin duten esfortzua saritzeko, eta aldi berean, egoera berdinean dauden eskolako bertze gurasoei hurrengo urtean bide horretan aritzera animatzeko.
Kultura Batzordeak, bere aldetik, euskaltegiko eta Solaslaguna programako irakasle, ikasle eta boluntarioak, uda honetan euskaraz eginen diren kultur emanaldietako batera gonbidatuko ditu: Bortzirietan, Gipuzkoan edota Nafarroan eginen direnetara. Honela, hauek guztiek euskara bultzatzeko eta ikasteko hartu duten konpromisoa azpimarratu eta saritu nahi ditu Kultura Batzordeak, eta bide batez, heldu den urtean horrelako programekin segitzera animatu nahi ditu.