Gazteen eta adinekoen arteko ezagutza bultzatu eta beraien arteko harremanak hobetzeko, proiektu bat landu dute Toki Ona Institutuko 3. DBHko ikasleek Jubilotekako kideekin. Apirilean hasi ziren lanean, ikasleak binaka jarri eta jubilotekako batekin elkartuz. Hasierako aurkezpenen ondotik, elkarrizketak egin zizkieten adinekoei eta gero, bere biografia, historia eta sentimenduak idatzi zituzten. Ekainaren 15eko azken saioarekin bukatu zuten ekimena. Toki Onako ikasleek jubilotekako partaideei beraien biografia-elkarrizketa paperean oparitu zieten. Eta Toki Ona Institutua aipatu dugula, ekainaren 14an Lorenzo Silva idazlearen bisita izan zuten. 65 ikasleren aitzinean bere literatur munduko esperientziak azaldu zituen.