Beñat Txoperena txirrindulari igantziarrak afizionatu mailako lehen garaipen handia lortu zuen ekainaren 24an Tolosako Jose Manuel Anza Memorialean. Euskadiko Txirrindularitza Federazioak 23 urtez beheitiko txirrinularientzat antolatzen duen Lehendakari Txapelketarako puntuagarria zen proban Bidelan-Kirolgi taldeak podiumeko koxka guziak bereganatu zituen, igantziarraren gibeletik, Jon Ander Insausti eta Unai Intziarte taldekideak helmugaratu baitziren. Gainera, Beñat Txoperenak mendiko sailkapena ere irabazi zuen.
116 kilometroko lasterketa bortz aldiz pasatu zen Altzotik eta bertze behin Orendainetik eta proba hasi zuten 93 txirrindularietatik 27 ailegatu ziren helmugara. Sei txirrindulari izan ziren protagonista nagusiak, Bidelan-Kirolgiko hirukotearekin batera, Seguros Bilbao taldeko Juradok, Naturgaseko Iturriak eta Koplad-eko Villalobosek ihes egin baitzuten tropeletik. Txoperenak ihes egin zuen seikotetik eta helmugara baino lehenxeago Insausti taldekideak harrapatu zuen eta biak elkarrekin helmugaratu ziren.
Aipatzekoa da Beñat Txoperenak, Anza Memoriala irabazi baino lehen Espainiako 23 urtez beheitiko txapelketan parte hartu zuela Bejar-en (Salamanca), Nafarroako selekzioarekin. Igantziarra ongi ibili zen, 13. izan baitzen errepideko proban eta 21. erlojuaren kontrako proban.