San Juan bezperako Euskaraz Bai Eguna bikaina izan zen Lesakan

Aitor AROTZENA 2012ko ekainaren 25a

Euskaraz Bizikletan ekimenarekin, Tellegiraino joan ziren haur eta gaztetxoak. Bere garaian, egunean 200 teila egiten omen ziren. Aitor Arotzena

“Gure etxea euskaraz, euskara gure etxea” argitalpena aurkeztu zuen Euskara Batzordeak

“Euskara erabiliz” goiburupean, Euskaraz Bai Eguna antolatu du aurten ere Lesakako Euskara Batzordeak ekainaren 23an, San Juan bezperan eta egun osoan hainbat ekitaldi egin ziren, eguraldi bikaina lagun zela. Ikusi bideoa

“Euskara erabiliz” goiburupean, Euskaraz Bai Eguna antolatu du aurten ere Lesakako Euskara Batzordeak ekainaren 23an, San Juan bezperan eta egun osoan hainbat ekitaldi egin ziren, eguraldi bikaina lagun zela. Ikusi bideoa

Goizeko 10:00etan diana jo zuten txistulariek eta 11:00ak aldean Euskaraz Bizikletan, haur eta gaztetxoentzat herribuelta egin zen txirrindulaz. Plaza Zaharretik abiatuta kisulabeak, lanbide zaharrak, ohitura galduak eta bertze hainbat jakingarri ezagutu zituzten. Honela, lehenik Bidasoa errekaraino joan ziren eta bertan, Tellegi baserrian, duela 50 bat urte arte teilak eta adreilua nola egiten zen ikasi zuten. Modesto Maiak eman zituen azalpenak eta bere denboran, egunean 200 teila egiten zirela eta 16 lagun ere aritu zirela lanean aipatu zuen, lan-prozesuarekin batera. Berriz ere bizikleta hartu eta Biurgarai aldera jo zuten, kisulabea eta ardi-ixtegia ezagutzeko, Xalbador Goia nagusiaren azalpenen bidez. Eta azken etapan, Ote karrikaraino ailegatu ziren, Baxilio Etxebesteren erakusketa ezagutzera. Etxebestek, zurgin lanerako 2.000 lanabes baino gehiago bilduak eta txukun txukun paratuak ditu, baina horretaz gain Lesakako argazki zaharrak, pilotako erremintak eta bertze hainbat gauza bilduak ditu.

Bizikleta itzuliaren ondotik, Plaza Zaharrean emanaldia eskaini zuten bertso eskolakoek. Arratsaldean, Garaikomendiko bideko eta Bittiriako Plazako etxe zaharrei izenak paratu zitzaizkien, herriko musikariek alaituta. Gero, “Gure etxeak euskaraz, euskara gure etxea” argitalpena aurkeztu zuten Plaza Zaharrean. Liburuxka honetan, Lesakako etxe guztien izenak bildu dituzte, karriketako eta baserri auzoetako mapekin eta hainbat etxe eta baserriren argazkiekin batera.

Kioskoan, herriko soinularien eta Abesbatzaren emanaldiaren ondotik, sua pizteko ekitaldia egin zen ekitaldian. Hain zuzen, herriko etxeen izenak biltzen lan izugarria egin duen Jose Migel Ariztegiren semeak, Xabier Ariztegik piztu zuen sua. Su inguruan dantzari aritu ziren lehenik eta gero saltoka ere bai. Aurtengo berrikuntza gisara, plaza inguruan afaltzeko mahaiak paratu zituen Lesakako Euskara Batzordeak, eta lagun taldeka, familiaka eta bertze modura plantatuak, bertan afaldu zuten hainbat lesakarrek. Bukatzeko, Gabenara taldearekin berbena izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun