San Juan bezperan eta egunean ekitaldiak izanen dira Igantzin ere

TTIPI TTAPA 2012ko ekainaren 22a

San Juan Xarren meza ospatuyko da igandean. Artxiboko argazkia

Bezperan afari herrikoia eta egun haundian ohiko ekitaldiez gain, San Juan Xarrera ibilaldia eta barrikotea

San Juan bestaren inguruan ekitaldi batzuk prestatu dituzte Igantzin ere. Kultur Batzordeak proposatuta, San Juan bezperan afari herrikoia eginen da frontoian. Afarira norberak bere jana eta edaria eraman beharko ditu eta ondotik, ezustekoren bat izanen da, gau magikoa izanik, sorginak, ipuinak eta istorioak ezin dira falta...

Gero, trafikoari moztutako errepide zatian su gainean salto egiteko aukera izanen da trikitilariekin. Hau aitzinera eramateko herritarren partehartzea eta laguntza ezinbertzekoak direnez, Igantziko Kultur Batzordekoekin gaiari buruz solasteko edota ideiak emateko solasten ahal da.

Hurrengo egunean, San Juan Eguna denez, San Juan Xarren meza, dantzarien erakustaldia eta Baratzondo Elkartean bazkaria eginen dira. Hortik aparte, goizean ibilaldia eginen da San Juan Xarrera eta han gosari ederra. Arratsaldean, 18:30 aldera, barrikote herrikoia izanen da frontoian, trikitilariek alaituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun