Zenbait herrietan haurrak ludotekan biltzen diren bezala, Beran erretiroa hartu dutenak eta autonomia gutti duten bertze batzuk jubilotekan biltzen dira astean bitan. Garrantzitsuena elkarrekin egoteko toki bat izatea da, jarduera eta ariketa ezberdinak eginez.
Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak bulkatzen duen lana, familia eta norbere bizitza pertsonalaren bateragarritasun hitzarmenaren barrenean jubiloteka zerbitzua eskaintzen hasi zen duela lau urte Beran eta Lesakan. Hasiera hartan, hiru hilabetez bakarrik eskaintzen zen zerbitzua, urritik abendura. Bigarren urterako, Lesakan eskaintzetik utzi zen eta Berako Lagun Haundiak elkartean hasi ziren elkartzen hiru hilabete horietan, astean bi egunez. Aurten, Berako Udalak emandako dirulaguntza dela medio, ikasturte osoan eskaini dute zerbitzua. Beraz, urtarriletik ekainera egin dute eta uztail eta abuztuko atsedenaldiaren ondotik, berriz ere irailetik abendura segida izanen du. Zehazki, astearte eta ortziraletan biltzen dira, 10:00etatik 12:30era.
Jubilotekaren helburua, erretiroa hartu dutenek kulturaz, denbora libreaz eta giza harremanetaz gozatzeko kalitatezko eremu bat izatea da eta, aldi berean, hauek zaintzen dituzten familiek ere beraien lanerako eta aisialdirako asti gehiago izatea. Arduradun lana betetzen duen Lesakako Ramoni Ordoki psikologoak aipatu digunez, «Gizarte Zerbitzuetatik sortutako eskaintza bat izan zen eta Jokin Apezetxea teknikariak lan handia egin du hor. Familiaren laguntza behar zuen jendea elkartzeko leku bat eskaintzea zen hasierako helburua, bidenabarkoan familia ere deskargatzeko, baina zerbitzu hori zabaldu egin zen eta adin bateko edozein pertsona edo aisialdi aktiboa landu nahi duen edozein pertsona ere hartzen du orain. Hasieran jende gutti hasi zen. Lehenbiziko urtean zortzi pertsonekin-edo bukatu izanen genuen».
Honela, astearte eta ortziralero egitarau berdintsua izaten dute erretiratuek. 10:00etatik 10:15era ongietorria; 10:15etik 11:00etara jarduera fisikoa, artikulazioa, baloiak, pilotak…; 11:00etatik 11:15era gosaria, elkartzen diren guztiek gehien estimatzen dutena, kafea edo zumoa hartzeaz gain, kontu kontari aritzen baitira, atsedenaldi ttiki batekin; 11:15etik 12:15era estimulazio kognitiboa (burua), jokuekin, margoketarekin edo kartetan jokatuz eta 12:15etik 12:30era, lasaitasunera buelta eta despedida. «Goiza ustekabean joaten zaigu» dio arduradunak.
Bortzirietako Mankomunitatetik ere jarduera garrantzitsua dela uste dute. «Sozialki aurrerapen haundia da», dio Jokin Apezetxea teknikariak.Etorkizunera begiratzeko goiz da, «astetik astera, krisia dela eta, aldaketak daudelako, baina pena litzateke zerbitzua galtzen uztea, erabiltzaileek estimazio handian baitute jubiloteka».
JUBILOTEKA ➜ ERABILTZAILEAK KONTENT
«Lehentasuneko zerbitzua da guretzat eta ez dugu utzi nahi»
Segida emateko irrikitan daude
Batzuentzat astean bitan aski da, bertze batzuk gehiagotan ere bilduko lirateke, baina inork ez du jubiloteka desagertzerik nahi. Lehentasuna ematen diote erabiltzaileek eta Javier Biurrarenak dioen bezala, «zerbitzu hau desagertzea pena litzateke, geronek gehixeago ordainduta ere aitzinera segitu beharko dugu heldu den urtean». Begoña Zozaiak mugikortasun arazoak ditu eta boluntariotzan ari den Juantxo Villanuevaren laguntza behar izaten du Zalain Zokotik Lagun Haundiak Elkartera mugitzeko, eta ordubete guttiago egoten ahal da, baina, hala ere, «hagitz gustora egoten naiz». Anttoni Etxeberriak buruan «alaitasun bat» sentitzen du, «uste nuen nere bizian egin ditudan antzerkiak eta bertze gauzak akautuak zirela eta orain ikusten dut gauza gehiago egitea posible dudala». Pilar Fernandezentzat «egun gehiago izatea ere ongi etorriko litzaiguke, bertzela egun osoa aieneka zaudelako. Krisiaren aitzakian hau kentzea pena handia litzateke, osasunerako mesedegarria delako, ez kapritxo bat. Ongi bageunde lanean ariko ginateke oraindik. 89 urtekoTerexa Etxebeste igantziarrarentzat ere «hagitz goizpasa polita» izaten da jubilotekakoa. Mª Jesus Diazen erranetan, «heldu den urtean ere segitzea gustatuko litzaidake, hasieratik bainago jubilotekan».
ASTEAN BITAN
«Ni bakarrik bizi naiz eta astean bitan baino gehiago izanen balitz ere ez zait axolarikan, baina igual bertzeentzat gehiegixko izanen litzateke».
GOSARIA INPORTANTEA
«Batzuk gimnasia hagitz ongi egiten dute, nik ez, baina ahal dudana egiten dut eta gero gosaria, hori arras inportantea da, elkarrekin egoteko».
Begoña ZOZAIA
ELKARTASUN HANDIA
RAMONI ORDOKI, PSIKOLOGOA ETA JUBILOTEKAKO ARDURADUNA
«Etxetik atera eta harremanak lantzeko aukera ederra eskaintzen du jubilotekak»
«Elkartzeko toki bat eskaintzen du jubilotekak; ariketa fisikoa egiten dugu gorputza fisikoki pixka bat lantzeko, adinarekin gogortzen joaten garelako; burua landu, baina neretzat garrantzitsuena elkarren arteko harremanak lantzea da. Auniztan, adin batera ailegatzen garenean bakarrik gelditzen gara, etxetik atera gabe eta harreman sozialak galtzen joaten dira. Elkarren arteko harreman horiek ez galtzeko modu bat da jubiloteka, solasteko, etxetik kanpora ateratzeko… giro polita sortu da eta horrek laguntzen du». Jubilotekako ardura duen Ramoni Ordoki lesakarraren solasak dira.
Bere erranetan, jubilotekan parte hartzen duten pertsonentzat denbora llaburrean lehentasunezko zerbitzua bilakatu da: «Lehenbiziko urtean Lesakan eta Beran egin zen, baina Lesakan utzi eta Beran segitu dugu egiten. Urtero urtero, hasierako zortzi pertsona horiek mantendu dira, baina jendea gehitzen joan da. Iaz, irailetik abendura eskaini zen eta 21 pertsona bildu ziren. Momentu honetan 17 lagun biltzen gara. Lehentasuneko zerbitzua da aunitzentzat, hilabetean 30 euro kobratzen zaie eta halere, prest daude horretarako, diru hori ordaintzeak merezi diela uste dute». Etorkizunera begira, berriz, «guk nahi dugu segida izatea, parte hartzen dutenek ere nahi dute eta ea nolapaitere lortzen dugun segida ematea. Pena litzateke indarra hartu duenean, diru kontuengatik moztu behar izatea», erran digu arduradunak.