Berako mendietan ardiak dituzten artzainak kexu dira, batez ere asteburuetan solte ibiltzen diren zakurrek sortzen dituzten gorabeherekin. Duela aste batzuk Zia auzoko baserri bateko dozena bat ardi autsikitu zituzten eta Herriko Etxearekin bildu eta laguntza eskatu dute.
Aspalditik datorren arazoa da eta duela bi urte bandoa ere atera zuen Berako Udalak, mendira ateratzekoan zakurrak kontrolpean eramatea eskatuz, batez ere inguruan aziendarik badago. Zakurra jolas moduan saingaka edo aziendari segika hasten bada, animaliak, ardiak batez ere, izitu eta lasterka noraezean hasten dira. Kaule baserriko Javier Portuk aipatu digunez, «ardiak auniztan bildotsarekin izaten dira eta zakurra bere ondotikan arrankatzen duenean, akabo! Ahazten ditu bildotsak eta denak eta gero, bildots hori azeri-bazka da».
Artzaiak «nardatuak» daude egoerarekin, Portuk aipatu digunez, eta argitu nahi izan du ez dagoela beti lotua kontu beharrik, kasuan kasu, «nahikoa da denbora guztian bistan edukitzea eta azienda dagoen tokian ondo-ondoan edukitzea».