Funveran joan den urtetik honat kontratatzerako orduan ematen ari den «diskriminazio ideologikoa eta sindikala» salatu du LAB sindikatuak ekainaren 20an, asteazken eguerdian prentsaurrean egindako agerraldian.
Funveran 2010ean egin zen greba mugagabea nola bukatu zen gogoratu du LABeko Koldo Saenzek, «55 egun greba mugagabean egon ondotik eta borroka gogor baten ondotik enpresa zuzendaritzak 4 errelebo kontratu egitea eta hurrengo 4 urteetako kontratazio guztiak kaleratutakoen poltsatik egitea eskaini zuen eta gehiengoa ados egonik, adostasun batera iritsi zen».
Baina orduz geroztik errealitatea hagitz bertzelakoa da. Enpresaren egoera gora behera batzuekin baino hobetzen joan zen eta laister kontratazioak egiteko beharra izan zuen. LAB-etik hasiera batean salatu zuen «enpresak kriterio ideologikoak erabiltzen zituela kontratazioak egiterako orduan eta diskriminazio ematen ari zela langile batzuekiko. Zoritxarrez denborak arrazoia eman digu, eta argi eta garbi dago enpresak langile batzuek baztertu eta betatu egin nahi dituela lantegian sartzerako orduan».
Joan den urtean lehenengo aldiz enpresak langile batzuk kontratatu zituen kaleratutakoen poltsa horretan ez zeudenak, eta bitartean kaleratutako batzuk oraindik deitu gabeak zituen, modu honetara «muga gorria gaindituz eta de facto, hitzarmenean onartutakoa baztertuz», Saenzen erranetan. Egoera larri honen aintzinean Komiteak lan ikuskaritzan salaketa paratu zuen eta honek arrazoia eman zion.
Hala eta guztiz ere enpresa zuzendaritzak ez omen du atzera egiteko intentziorik eta LABen arabera, «orain gutti gauza berdina gertatu da eta berriro ere egoera salatu beharrean aurkitzen gara». Aipatu beharrekoa da ekainaren 22an, ortziral goizeko 9:00etan langile batek pairatzen duen diskriminazioaren kontra epaiketa bat daukala enpresak.
LAB sindikatutik konziente da «egoera honen kontra borrokatzen bakarrik gaudela gainontzeko Komiteko kideen babesik eta laguntzarik ez daukagulako. Hasiera-Hasieratik saiatu gara bertze sindikatuak ekintza sindikalean inplikatzen baino erantzuna beti ezezkoa izan da. Egin ditugun kontzentrazioak bakarrik egin ditugu, proposamenak defendatzen bakarrik gelditu gara, hitzarmena ez sinatzen bakarrik gelditu ginen».
Horregatik, bertze ordezkariei eskatzen diete «arduraz joka dezatela eta gai honi behar bezala heldu diezaiotela. Denon ardura da egoerari buelta ematea eta denon lana beharrezkoa da, baino eskuak gurutzatuta eta etsipenaz jokatuz irabazle bakarra enpresa da».