Euskara erabiliz goiburupean, Euskaraz Bai Eguna antolatu du aurten ere Euskara Batzordeak ekainaren 23an, San Juan bezperan, egun osoko egitarauarekin.
10:00etan diana izanen da txistulariekin. 10:30ean haur eta gaztetxoentzat herribuelta txirrindulaz, Plaza Zaharretik abiatuta. Euskara erabiliz, geldialdiak eginen dituzte etxeen bitxikeriak, errotak, dolareak, kisulabeak, lanbide zaharrak, ohitura galduak eta bertze hainbat jakingarri ezagutzeko.
Arratsaldean, 18:30ean Bittiria karrikako etxeen izenak paratuko dituzte, herriko musikariek alaituta. 19:30ean, Gure etxeak euskaraz, euskara gure etxea argitalpena aurkeztuko dute Plaza Zaharrean. Liburuxka honetan, Lesakako etxe guztien izenak bildu dituzte. 20:30ean sua pizteko ekitaldia eginen da Plaza Zaharrean. Euskara Batzordeak bi su piztuko ditu, bat haurrentzat eta plazan ezin izanen da su gehiago piztu. Dantzak, txaranga, akordiolariak, abesbatza, bertsolariak eta haurrak kantari ere izanen dira plazan. Gaueko 21:30ean herri afari autogestionatua eginen da plaza inguruan. Euskara Batzordeak mahaiak paratuko ditu eta lagun taldeka, familiaka edo nahi den bezala afaria etxean prestatu eta plazan denak elkarrekin afaltzeko animatu nahi ditu herritarrak. Ogitartekoak eta edariak eskuratzeko aukera ere izanen da. Bukatzeko, 23:00etatik aitzinera berbena izanen da.