Itsaso Fagoaga lesakarrak Skeet Olinpikoan Espainiako Kopa irabaztea lortu du asteburu honetan Valentzian. Duela aste batzuk Europako txapelketan ez zuen ongi tiratu, baina Valentzian berriz ere bere mailara hurbildu zen, garaipena lortuz.
Itsaso Fagoagak aipatu digunez, «Europako txapelketan Txipren gauzak ez ziren hagitz ongi joan, burua azterketetan pentsatzen nuen eta gainera hango kondizioak ez ziren hoberenak izan (bero handia, haizea, nerbioak, eulitxen autsikiak...) eta horren ondorioz ez nuen batere ongi tiratu».
Handik nahiko desanimatua bueltatu zen Fagoaga, baina Valentzian irabazitako txapelketarekin berriro ere animoak bere horretara etorri dira. Valentziako txapelketan ere bero handia egin zuen (entrenamenduko egunetan 37 graduraino iritsi ziren termometroak eta txapelketa egunean 30 gradu inguru izan ziren) eta haize handia izan zuten. Horren ondorioz ez ziren marka handiegiak egin. Txapelketa 75 platerera izan zen (25 platereko 3 serie) eta Itsaso Fagoagak 64 puskatu zituen, bere marka onenetik urrun.
Orain, uztailaren 1ean Nafarroako Txapelketako bigarren zatia jokatuko du eta Antonio Javier Fagoaga aita izanen du aurkari nagusia. Izan ere, apirilaren 1ean Elizondon jokatu zen lehenbiziko fasean, 50 platerera, aita lehenbizikoa eta alaba bigarrena izan ziren. «Oraindik ere nahi baino gerra handiagoa ematen dit», onartu du Itsasok.
Berez Espainiako Skeet Olinpiko Txapelketa San Ferminetan izan behar zen baina urrira atzeratu dute eta San Ferminetan txapelketa eduki beharrean, uztailaren 4tik 7ra selekzioarekin konzentrazioa izanen du Itsaso Fagoagak Irunen.