Igande honetan, ekainak 17, Lesakak hartuko du mendi itzulien lekukoa. Eta hamaikagarren aldiz, Beti Gaztek antolatutako ibilbidea egiteko aukera izanen da.
Bi ibilbide izanen dituzte mendizaleek aukeran: luzea, 33 kilometrokoa eta 1.800 metroko desnibelarekin, eta motza, 25 kilometrokoa eta 1.200 metroko desnibelarekin. Ibilbidea 07:00etatik 07:30era abiatuko da, eta aitzinetik, 06:00etatik 07:30era, izena emateko aukera izanen da. Lehenagotik ere egin daiteke Internetez, www.mendizmendi.com web orrian, baina ortziral hau baino lehen.
Plaza Zaharrean emanen zaio itzuliari hasiera, Sastrineraino joateko. Handik bide zaharrari segituta, Itsaszelaietara joanen dira mendizaleak, Apittuko gainetik pasata, eta hortik Amekurrungo-atakaraino.
Puntu honetan, ibilbide luzea hartuz gero, Artikutza mugatzen duen zerrakurari segituta Izuko kaskora joanen dira eta handik Artikutzara. Gero, Erroiarritik Eskasera joanen dira eta beranduago, Arritxulagainera igoko dira. Ondotik, Errengako lepora jeitsiko dira.
Ibilbide laburra aukeratzekotan, Amekurrungo atakatik barna, Pagolleta eta Elutxatik pasako dira eta Burnaizegiraino joanen dira. Ondotik, Galtzarrieta, Bianditz eta Arritxulagainera joanen dira mendizaleak, Errengako lepora jeitsi aitzinetik. Arritxulagainan bat eginen dute ibilbide luzeak eta laburrak.
Errengara igotakoan, Garbisuko Hegitik pasatuta Domikoraino ailegatuko dira. Hemen luzea egin nahi dutenek urtegia inguratuko dute eta Ikatzulora joanen dira. Laburra nahi dutenak urtegiaren diketik Ikatzulora joanen dira. Goiko Iragara jeitsiko dira, ondotik Akerregiko gainera igoko dira eta handik helmugara ailegatuko dira.