Gorbea, Anboto eta Txindoki gainak igarotzen dituen Hiru Haundiak proba gogorraren hemezortzigarren edizioa egin zen ekainaren 2an, larunbatean. 1.800 kirolari abiatu ziren gauerdian ehun kilometroko luzera eta 10.000 metroko desnibela duen lasterketa egitera eta horietatik 792k lortu zuten proba bukatzea. Horien artean zortzi Bortzirietatik joandako kirolariak ziren.
Oskar Telletxea igantziarra izan zen horien artean bizkorrena. 123. postuan bukatu zuen, 17 ordu eta 41 minutuko lanaren ondotik. Aitor Mitxelena lesakarra 237. izan zen, 18 ordu eta 16 minutuko denborarekin. Gainerako bortziritarrek 20 ordu baino gehiago behar izan zituzten proba burutzeko. Asier Etxeberria lesakarra 448. izan zen (20 ordu eta 30 minutu), Juan Antonio eta Xabi Irazoki beratarrak elkarrekin helmugaratu ziren, 605 eta 606. Postuetan (22 ordu eta minutu bat), baita Sabino Korta beratarra eta Xabi Altzuri aranztarra ere 650 eta 651. postuetan (22 ordu eta 19 minutu). Tobi Ruiz beratarra 708. izan zen, 22 ordu eta 22 minutuko denborarekin.
Lasterketa burutzen bizkorrena Iker Karrera izan zen, hamar ordu eta 23 minutuko denborarekin. Azkenekoak kasik 14 ordu beranduago helmugaratu ziren.