Berako Abesbatzaren 25. urteurreneko besta haundia igandean, ekainak 3, ospatu zen eta eguraldi euritsuari aurpegi alaia paratuz, iragarritako ekitaldi guziak gauzatu ziren, nahiz eta musika emanaldi nagusia Altzateko frontoian egin, Herriko Etxeko Plazan beharrean.
Goizeko 11:00etatik aitzinera, musika talde ezberdinak karriketan ibili ziren. Irats trikitixa taldea, Musika Eskolako txistulariak eta Musika eskolako musikariek ibilaldi ezberdinak egin zituzten, musika doinuak herri guzian hedatzeko. Erraldoi konpartsa ere atera zen, Bera eta Lesakako musikariek osatu duten gaitero talde berriak lagunduta. Eguerdi partean Altzateko frontoira bildu ziren musikariak eta erraldoien konpartsa eta denek piezaren bat jo edo dantzatu zuten, emanaldi nagusiari txanda emanez.
Iñaki Eskudero Gure Txokoako dantzariak ohorezko Aurreskua eskainiko zion Abesbatzari eta Julen Zelaieta eta Patxi Castillo bertsolariek ongietorria eman ondotik, Berako Abesbatzakoek Agurra kantatu zuten Gure Txokoako dantzariek dantzatu bitartean. Hori bukatuta, Abesbatzak segitu zuen, lehenik bakarka , gero koroko kide ohiekin batera, eta hauei, jubilatuen abesbatzakoak eta Musika Bandakoak gehituko zitzaizkien, Baldorba hunkigarria kantatzerakoan. Gero, Abesbatzak txistulariekin batera eta gero musika bandarekin abestu zuen, jaialdia bukatzeko. Ospakizuna borobiltzeko, 120 lagun baino gehiago bildu ziren Zalaingo bazkarian.
Aipatzekoa da Zilarrezko Ezteien ospakizuna dela-eta Abesbatzak grabatu duen CDa 6 eurotan erosten ahal dela prentsa saltzen duten dendetan, Xuga eta Errekalde ostatuetan eta inguru honetako Rural Kutxako bulegoetan.