Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako helduen abesbatzak Bera kantari ekimena paratu du abian.
Lehenbizikoz, maiatzaren 26an ateratzekoak ziren karrikara, betiko kantak abestera. Lehenbiziko agerraldi honen ondotik, emanaldi gehiago egitea da asmoa. Oraindik maiztasuna erabaki ez duten arren, zehazten joanen dira zenbatero aterako diren kantatzera. Ibilbidea ere aldatzen joanen dira, aldi bakoitzean hiru ostatu aukeratuz.
Helduen koroak kantatzera eta euren kantak aditzera animatu nahi ditu herritarrak. Egitasmo honekin urte osoan lantzen dutena herritarrei zabaltzea da helburua, eta bidenabar, herria dinamizatzea, betiko kantak berreskuratu eta zabaldu bitartean.