25 urte bete ditu Berako Abesbatzak eta hori ospatzeko egun handia antolatu dute igande honetarako, ekainaren 3rako. Aitzinetik ere, koralaren mende laurdena gogoratzeko kontzertua eta argazki erakusketa egin dituzte. Abesbatzaren berri barrenetik ezagutzeko Fatima Gonzalez Burgeterekin izan gara. Hasiera hasieratik abesbatzan kantari hasi zen, 14 urterekin eta 2000-2001 ikasturtetik honat zuzendaria da, Begoña Rudi eta Josu Goiaren lekukoa hartuz.
Egun handia ekainaren 3a izanen duzue, baina kontzertua eta erakusketa egin dituzue dagoeneko. Zer moduz joan ziren?
Maiatzaren 5ean egin genuen kontzertua eta egia errateko hagitz ongi atera zen, denok primeran pasa genuen gure jendearen artean, beraien harrera primerakoa izan zen. Erakusketa ere ongi joan zen, guretzat hagitz hunkigarria izan da, gauza eta pertsona aunitzez gogoratu ginen prestatzerakoan eta ikusterakoan.
CDa ere argitaratu duzue 13 kantarekin… Nola egin duzue aukeraketa?
CDan agertzen diren 13 kanta aukeratzeko zenbait bilera eta eztabaida izan ditugu, argi genuen kanta alaiak, euskaldunak... nahi genituela, eta Berako Banda eta txistulariak gurekin egotea nahi genuela, beraz, hortik hasi ginen aukeratzen, eta horrela sortu zen gaur egun salgai dugun CDa. Beste kantetan pentsatu genuen ere, bertan pianoaren laguntza erabiliz, baina kendu genituen presupuestoz kanpo gelditzen ginelako. 1000 ale egin dira, abesbatzako partaide guztiak gaude saltzen eta Berako zenbait puntutan ere salgai daude, orain arte ongi doa salmenta.
Nolako erantzuna espero duzue igandeko egun handian?
Ekainaren 3an egingo dugun kontzertuan beratar guztiak musika entzutea nahi dugu, horretarako goizean talde desberdinak izanen dira herrian barna gero Herriko Etxeko plazan elkartuz, bertan lehengo koralistek, jubilatuek, Berako Bandak, Txistulariek, bertsolariek, dantzariek… parte hartuko dute gurekin batera eguna ospatzeko. Denetara 85 pertsona pasatu gara abesbatzatik. Erantzun positiboa izatea espero dugu.
25 urteotan momentu txarrak eta onak izan direla aipatu zenuen kontzertu ondotik…
Momentu desberdinak daude abesbatzaren barrenean, txarrak batez ere konpromisoen aurrean sortzen diren tentsioengatik, jende aunitz gaude eta bakoitza gure izaerarekin, beraz, urduri jartzen gara eta gatazka txikiak izaten ditugu, baina gauza horien gainetik onena da familia handi bat garela, eta primeran pasatzen dugula elkarrekin, hor daude elkarrekin daramazkigun 25 urteak.
Zer aldatu da urte hauetan abesbatzaren barnean?
25 urtetan aldaketa aunitz eman dira, zuzendaritza lanean hiru pertsona izan gara eta bakoitzak zuzentzeko gure modua izan dugu, abeslariak zuzendari bakoitzari egokitu behar izan dira. Bertzetik, urte batzutan jende aldaketa nabaria izan zen, horrek lanean eragin handia zeukan. Adibidez kanta bat prestatzen hasten ginen eta bat-batean jende berria sartzen zen, primeran, baina berriz hasieratik hasi beharra zegoen. Edo norbait joaten zen eta gelditzen zirenek aurrera egin behar zuten aldaketa horrekin. Beste aldetik, orain dela urte batzuk junta bat sortu genuen, horrekin abesbatzaren funtzionamendua aldatu zen, lanak banatu egiten dira. Kantuen inguruan beti errepertorio zabala izan dugu, musika desberdinak ukituz.
Etorkizunera begira, zer?
Aurtengo ikasturtea hagitz mugitua eta lanpetua izan dugu gure 25 urteurrena dela eta, gure ustez balorazioa egitea komeni zaigu eta hortik aurrera pentsatuko dugu zein norabide jarraitu.
MUSIKA ETA BERA
«Abesbatzaren egoera ongi ikusten dut, hori bai jende berria sartzeko irrikitan gaude, beraz erran ateak zabalik ditugula denontzat, animatu eta etorri. Egia erran Beran musika mota desberdinetako talde ugari daudela, horrek erran nahi du musika modu desberdinean lantzen dela, hori hagitz garrantzitsua da gure herriarentzat. Gu harro gaude zati txiki bat izateagatik».