Lesakako albienteek Donostiako BSG electrics enpresak “Bizikletak alkateentzat” kanpainaren baitan emandako bizikletarekin egiten dituzte dagoeneko herriko mandatuak.
Pasa den apirilaren 19an, "Nazioarteko bizikletaren eguna" zela eta, ibilgailu ekologikoen alorreko Donostiako BSG electrics enpresak, honako ekimen hau jarri zuen abian: 1.700 euroko balioa duen bizikleta elektrikoa oparituko zien auto ofizialari uko eginen zion edozein alkate edo udalari.
Honekin bilatzen zena, kutsadurarik sortzen ez duten ibilgailu hauen inguruko erabilera sustatzea da, eta administrazioei garraio mota honen inguruan kontzientzia sustatzea eta sorraraztea, ekonomikoki arazorik sortu gabe.
Lesakako alkateak kotxe ofizialik ez dauka eta ez izateko konpromisoa hartu du, baina hortaz haratago aukera ona iruditu zio Lesakako Herriko Etxeari herri barreneko desplazamenduak egiteko eta udaleko langileekin solas egin ondotik hauek prest agertu ziren bizikleta elektrikoa erabiltzeko.
BSG enpresak, Lesakako udalari Db0 bizikleta elektrikoa utzi dio epe mugarik gabe, bertako langileek erabil dezaten eta udalak trukean, alkatetzarentzat kotxe ofizialik ez izateko konpromisoa hartu du, eta aktiboki lan eginen du herritarren artean ekologia, mobilitate iraunkorra eta energia aurreztearen inguruko baloreak zabaltzeko.
Lesakak horrela Casalarreinako (Errioxa), Tianako (Bartzelona), Lekeitioko, Aulestiko eta Markinako (Bizkaia) udalekin batera ekimen honekin bat egin du.