Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako helduen abesbatzak “Bera kantari” ekimena paratu du martxan. Lehenbizikoz, maiatzaren 26an, larunbatean atera ziren karrikara. Betiko kantuak abestu zituzten eta abestien letrak banatu zituzten, nahi zuen edonork kanta zezan. Gainera, Jaime Elgorriaga gitarrarekin, Alberto Retegi klarinetearekin eta Gerardo Ros Bibolinarekin lagun izan zuten.
Maiatzaren 26ko ateraldia Auzoa, Xuga eta Errekalde ostatuen barna egin zuten. Lehenbiziko agerraldi honen ondotik asmoa da gehiagotan ateratzea horrelako emanaldiak egitea. Oraindik maiztasuna erabaki ez duten arren, zehazten joanen dira zenbatero aterako diren kantura. Ibilbidea ere aldatzen joanen dira, ostatu ezberdinetan barna aritzeko, eta ordutegia mugatzearren, aldi bakoitzean hiru ostatu ezberdin aukeratuko dira.
Helduen abesbatzak herritarrak animatu nahi ditu kantatzera zein euren kantuak aditzera. Egitasmo honekin urte osoan zehar entsaiuetan lantzen dutena herritarrei zabaltzea da helburua, eta bidenabar, herri dinamizatzea, betiko kantuak berreskuratzen eta zabaltzen dituzten bitartean.