16 urtez presidente izan den Salvador Yanci omendu du Lesakako Beti Gazte elkarteak

Aitor AROTZENA 2012ko maiatzaren 29a

Bi kapitainek txapela jarri zioten Yanciri. Aitor Arotzena

Harrobiko neska-mutikoen artean zelairatu, Aurreskua dantzatu eta txapela eskaini zitzaion maiatzaren 26ko ligako azken partidaren atarian

2012-2013 denboraldiko azken partida jokatu zuen larunbatean Lesakako Beti Gazteko futbol talde nagusiak Mastegin. Hori probextuz, futbol atalak, omenaldi berezia eskaini nahi izan zion kasik hiru hamarkada hauetan elkarteko zuzendaritza batzordean eta azkeneko hamasei urteak presidente karguan eman dituen Salvador Yanciri, «egin duen lan izugarria eskertzeko». Gainera, lan horretan segitzen du, oraindik ere zuzendaritza batzordean baitago. Ikusi bideoa

2012-2013 denboraldiko azken partida jokatu zuen larunbatean Lesakako Beti Gazteko futbol talde nagusiak Mastegin. Hori probextuz, futbol atalak, omenaldi berezia eskaini nahi izan zion kasik hiru hamarkada hauetan elkarteko zuzendaritza batzordean eta azkeneko hamasei urteak presidente karguan eman dituen Salvador Yanciri, «egin duen lan izugarria eskertzeko». Gainera, lan horretan segitzen du, oraindik ere zuzendaritza batzordean baitago. Ikusi bideoa

Lehenik, Beti Gazteko harrobiko benjamin eta alebin mailako neska-mutikoek egindako pasillotik pasatu zen Salvador Yanci bera, Marisol Irigoien emaztea eta aurten Beti Gazteko presidente kargua hartu duen Jose Luis Sunsundegi, baita Beti Gazteko eta Ondarroako Aurrerako jokalariak ere. Izan ere, Gipuzkoako Ohorezko mailako azken partidan, Nafarroa eta Bizkaiako talde bana izan ziren aurrez aurre. Berezia hori ere.

Segidan, Ander Abuin dantzariak, Beñat Konde txistulariaren doinuetara, Aurreskua dantzatu zion omenduari. Biak ere, musikaria nahiz dantzaria, Beti Gazteko jokalariak, jubenil eta infantil mailetan. Ondotik, Mikel Irigoien eta Beñat Irazoki talde nagusiko kapitainek txapela eskaini zioten Yanciri eta lore-xorta emazteari eta omenaldi ekitaldia bukatzeko, elkar agurtu eta argazkia atera zuten jokalariek omenduarekin.

Gainera, ligako partidaren atsedenaldian, partidak jokatu zituzten Beti Gazteko benjamin eta alebin mailako futbolarien artean.

Partidari dagokionez, Beti Gaztek 2 eta 1 irabazi zion Aurrerari eta gisa honetara, Gipuzkoako Ohorezko mailan sekulan egin duen denboraldirik onena borobildu zuen. 60 puntu lortu ditu eta seigarren sailkatu da, hirugarren mailarako igoera faserako eskubidea ematen zuten postuetatik 5 puntura eta txapeldunetik 8 puntu eskasera. Ez dago batere gaizki, aurten igoa dela kontuan hartuz. Gainera, Salvador Yanciri omenaldia eskaintzeaz gain, azken partida hau futbola utziko duten Mikel Irigoien kapitaina, Ibai Mitxelena eta Ladis Caballero agurtzeko baliagarria izan zen. Aurten taldeko entrenatzaile izan den Eugenio Zubialde irundarraren azken partida ere bazen, Irungo Real Unionen eskaintza jaso baitu.

 

Beti Gazte elkartearen eguna ekainaren 2an

Bertze aldetik, Beti Gazte elkartearen eguna ospatuko da ekainaren 2an eta larunbat osorako ekitaldiak antolatu dituzte. Goizeko 10:30ean hasita, maila ttikienetako eta emakumeen futbol taldeen partidak jokatuko dira Mastegin. 12:30ean ping-pong txapelketaren finala jokatuko da. 14:30ean Nafarroako txirrindularitza itzuliaren etapa nagusia, Lesaka eta Aralarko San Migel santutegiaren artekoa, abiatuko da plazatik, hau ere Beti Gaztek antolatua. Arratsaldean, 16:30etik 20:00etara, infantil, kadete, jubenil eta helduen futbol taldeen arteko taldeak osatu eta futbol-7 ligaxka jokatuko da Mastegin. Arratseko 21:30en afaria izanen da Koxkonta jatetxean eta afalondoan, sariak emanen zaizkie taldeetako golegile nagusiei. Afarirako txartelak salgai daude Koskila ostatuan eta izena emateko azken eguna maiatzaren 31 izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun