Goicoechea Kontseilariak Berako enpresetara egindako bisitaren erabilera alderdikoia salatu du Udalak

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 23a

Goicoechea kontseilaria Berako lau enpresetako ordezkariekin. Juan Losa UPNko zinegotzia ere bertan zen, baina Herriko Etxeak ez zuen bileraren berri. Nafarroako Gobernua

Herriko Etxeak ez zuen bileraren berri, eta bai ordea, UPNko zinegotziak

Lourdes Goikoetxea Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Kontseilariak joan zen ortzegunean Berara egindako bisitaz egin zuen erabilera alderdikoia salatu du Berako Udalak. Berako lau enpresa bisitatu zituen Kontseilariak, bere Departamentuak egindako inbertsioak gertutik ezagutzeko aitzakiarekin.

Lourdes Goikoetxea Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Kontseilariak joan zen ortzegunean Berara egindako bisitaz egin zuen erabilera alderdikoia salatu du Berako Udalak. Berako lau enpresa bisitatu zituen Kontseilariak, bere Departamentuak egindako inbertsioak gertutik ezagutzeko aitzakiarekin.

Udalak ez zuen bisita horren berri, ez zaiolakoz ofizialki komunikatu ez gonbidatu ere, eta aldiz, UPNk Beran duen zinegotzi bakarra bertan zegoela ikusi dute komunikabideetan eta Nafarroako Gobernuko webgunean. Jarrera hori deitoratu, eta «kargu publikoa alderdiaren propaganda egiteko erabili izana» salatu du Berako Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak.

Gobernu Batzordearen erranetan, «bertze behin, UPNk erakutsi du alderdi interesak lehenesten dituela herritarren eta interes orokorraren aitzinetik». Udalak salatu egiten du «denon diruarekin egindako inbertsioak modu zikoitz horretan erabili nahi izatea propaganda egiteko».

Berako Udalak uste du egokia eta gizabidezkoa dela Gobernuko kide batek herri batera bisita egiten duenean herriko alkatea edota Udalbatza gonbidatzea, herriko ordezkari gorena den neurrian, edozein alderditakoa dela ere. Halaber, prestutasun osoa agertu du Udalak lanerako asmoz, herritarren kezka eta arazoak aztertzera etorri nahi duen edozein Kontseilariri harrera egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun