Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako helduen abesbatzak “Bera kantari” ekimena paratuko du martxan. Lehenbizikoz, maiatzaren 26an aterako da karrikara. Betiko kantuak abestuko dituzte, eta nahi duen edonor animatzen ahal da eurekin kantatzera. Horretarako, ibilbidean barna kantatuko diren abestien letrak banatuko dituzte.
Maiatzaren 26an hitzordua Auzoa ostatuan eginen dute, 19:00etan. Handik Xuga eta Errekaldera joanen dira. Lehenbiziko agerraldi honen ondotik asmoa da gehiagotan ateratzea horrelako emanaldiak egitea. Oraindik maiztasuna erabaki ez duten arren, zehazten joanen dira zenbatero aterako diren kantura. Ibilbidea ere aldatzen joanen dira, ostatu ezberdinetan barna aritzeko, eta ordutegia mugatzearren, aldi bakoitzean hiru ostatu ezberdin aukeratuko dira.
Helduen abesbatzak herritarrak animatu nahi ditu kantatzera zein euren kantuak aditzera. Egitasmo honekin urte osoan zehar entsaiuetan lantzen dutena herritarrei zabaltzea da helburua, eta bidenabar, herri dinamizatzea, betiko kantuak berreskuratzen eta zabaltzen dituzten bitartean.