Heldu den urtean 200 urte beteko dira San Migel zubiko bataila gertatu zenetik, eta garai hartan, eskualdean bertze ekintza militar batzuk ere izan ziren, herritarrei ondorio larriak eraginez. Bada, gertakari haiek gogora ekartzeko sortu zen orain gutti San Migel Zubiko Lagunak taldea.
Bataila ospetsu hura 1813ko irailaren 1ean izan zen. Ingelesen armadako eliteko erregimentu batek, Daniel Cadoux kapitaina buru zuela, hagitzez ere soldadu gehiagoz hornitutako tropa frantsesei egin zien aurre. Frantsesak iheska heldu ziren Frantzia aldera, San Martzialen garaituak izan ondotik, eta zubi hori zuten Bidasoa gurutzatzeko toki bakarra.
Nolanahi ere, eskualdean izan zuen eraginari begira, gertakari zehatz hori baino aunitzez ere garrantzitsuagoa izan zen tropen egonaldi luzea, zenbait hilabete eman baitzituzten gure inguruan eta gerra ekintzek azaroa arte segitu baitzuten. Wellingtonek zuzentzen zituen tropa aliatuek (soldadu ingeles, portuges eta espainolez osatuak) bertako elikagai ia guztiak errekisatu zituzten. Horren ondorioz, goseak eta disenteriak jota, Bortzirietan normala baino 550 pertsona gehiago hil ziren, alegia, eskualdean bizi zen jendearen ia ehuneko zortzi.
San Migel Zubiko Lagunak Taldeak uste du gertakari haiek nahitaez»ekarri beharko genituzkeela gogora, gerrek zeharka populazio zibilaren gainean nolako eragina duten erakusteko eta ohartarazi du «horrelako gauzak behin eta berriz gertatu direla mundu osoan ordutik hona igaro diren bi mendeetan».
San Migel Zubiko Lagunak taldeko boluntario batzuk hasiak dira zubia konpontzeko auzolanean eta 2013an ekitaldi batzuk egin gogo dira: hitzaldiak, erakusketak, antzezpenak… Berako Udalaren eta inguruko bertze erakunde batzuen laguntza badute, baina edozeinek parte hartzen ahal du boluntario modura, lagundu nahi izanez gero.
Bertzalde, taldearen eta herritarren arteko komunikazioa errazteko, San Migel Zubia 1813/Puente San Miguel 1813 izeneko bloga eta e-posta ere badituzte: http://sanmiguelzubikolagunak.blogspot.com.es eta sanmiguelzubikolagunak@gmail.com.