Ekainaren 8an Zintronikora ateraldia antolatu du Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak. Izen ematea maiatzaren 21etik 31ra zabalik izanen da eta autobusa bete arte hartzen ahal dira txartelak, 30 euroren truke.
Ekainaren 8an, goizeko 07:30ean abiatuko da autobusa Plaza Zaharretik eta bidean gosaldu ondotik, Korella eta Zintroniko bixitatuko dituzte eta gero Kadereitan bazkalduko dute. Erriberako herri hau ikusi ondotik, berriz ere Lesakara bueltatuko dira. Bazkariko menuan, Teruelgo urdaiazpiko deliziak, foie-medailoiak mahats mailatu ogiarekin, ganbak plantxan, frijituak, bildots errea patatarekin eta postrerako wisky tarta izanen dute, dena ura, ardoa, kafea eta likorrekin bustia.
Txapelketa ugari ekain hasieran
Erriberarako bidaiaz gain, ekain hasieran hainbat ekitaldi antolatu ditu erretiratuen elkarteak. Kartei dagokienez, mus txapelketa ekainaren 4an, seien txapelketa ekainaren 5ean eta despiste txapelketa ekainaren 6an jokatuko dira eta toka, igela eta bolo txapelketak ekainaren 7an, denak 18:00etatik aitzinera egoitzan.
Txapelketan parte hartu nahi dutenek ostatuko arduradunari eman behar diote izena. Txapelketak jokatu ondotik, luntxa eskainiko zaie parte hartzen duten bazkide guziei.
San Juan Xarrera
San Fermin elkarteko mendi taldeak, berriz, ekainaren 24an San Juan Xarrera ateraldia antolatu du. Oinez joanen direnak 09:00etan abiatuko dira egoitzatik eta ohiko lekuan hartuko dute hameketakoa. Autobusez, berriz, 11:00etan abiatuko dira plazatik, San Juan Xarreko mezara tenorez ailegatzeko. Bazkaria Arantzako Burlada jatetxean eginen dute eta txartelak ekainaren 16a baino lehen eskuratu behar dira, 28 euroren truke.