Berako Euskara Batzordeak urtero antolatzen du antzerki emanaldi bat, Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin. Aurten Gure bide galduak antzezlana eskainiko du larunbat arratseko 22:00etatik aitzinera Kultur Etxean, Dejabu konpainiaren eskutik. Berriki lan honek XII. Donostia Antzerki Saria jaso du.
Lan honek Euskal Herriko historia hurbila hartzen du abiapuntu, 70. hamarkadaren bukaera, Franco hil ondorengo urteak hain zuzen. Nafarroako herri txiki batetik Oreretara doan neska baten historia du ardatz. Osabaren etxera doa bizitzera, Donostian magisteritza ikasketak egiteko. Protagonistak magisteritza ikasten duen bitartean ikastolen mugimenduarekin egiten du topo, eta haren bidez deskubrituko du mundu berri bat, lagun berriak, maitasuna, borroka...
Bost aktore (Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Maria Alonso, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga) eta zuzeneko gitar doinuekin (Arantxa Vicedo) antzezlan hau utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da. Gure memorietatik berreskuratutako piezekin sortutako gaurko ipuina. Sarrerak 6 euro balio du, eta lehenagotik erosten ahal da, Errekalde ostatuan, edo egun berean, Kultur Etxean bertan, 21:30etik aitzinera.
Bortzirietako Gizarte Ongizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Arloak eta Kultur Batzordeak antolatuta, berriz, Uhartean antzerki taldearen Susanaren iraultza antzezlana ikusgai izanen da hilaren 27an Beralandetan, 19:00etan. Sarrera 3 euro kostako da.