Haur koxkorretako oroitzapenetan Apezenea Apeznia denda hortxe dugu aunitzek, Anunciacion eta Maurixi burutan... Herriko plaza baino lehentxeago dagoen Apezenea etxean denda zegoen. Lorategiak bi aldetan zituen pasilo batetik pasatu, eta goiko solairuan, bizitza zuten lekuan, denda kokatzen zen. Atea irekitzerakoan, gainekoaldean zegoen ezkil ttiki batek jotzen zuen eta horrela, norbait dendara mandatuak egitera joan zen seinalea izaten zuten dendariek. Urte mordoxka joan dira geroztik. Anunciacion eta Maurixi, etxekoandrea eta neskatoa, hurrenez hurren, aspaldi gure artetik joan zitzaizkigun.
Baina dendaren historia berpiztu da. Duela zortzi urte, Jabi Larretxea Pabloeneakoak eta Daira Rodriguez De Souza senar-emazteak etxea erosi zuten. Zaharberritze lanak egin ondotik, etxe ederra gelditu da.
Orain beheko solairuan denda paratu dute. Apiril hasieran inauguratu zuten. Denda batek eskaintzen ahal dituen produktu guztiak daude, okindegi, gozotegi eta kafetegi zerbitzua ere bai. Astelehenetik larunbatera, goiz eta arratsaldez zabalik dago eta igande goizez ere bai.
Horrelako zerbitzuak herrian izatea ederra da. Zorte on Daira eta Jabiri!