Arrano elkarteak 25 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu. Inauterietan, mozorrotzeko gai bat aukeratu eta elkarrekin kalejira eta bazkaria egin ondotik, maiatzaren 19an barrikotea eginen da.
Hilabetero sukaldari ezberdinekin eginen diren sukaldaritza lehiaketak, berriz, maiatzaren 26an hasiko dira, larunbatarekin. Lehiaketan prestatutakoa dastatu nahi dutenentzat bazkaria izanen da, 10 euroren truke. Izen ematea maiatzaren 23rako egin behar da. Menuan, zainzuriak holandar saltsan, gazpatxoa, zezen buztana gisatua, txokolate txuri saltsa fruitu gorriekin eta “egiazko” kafe irlandesa izanen da.
Gainera, sukaldaritza lehiaketa egiten den asteburuko larunbat goizean eta igande arratsaldetan pintxo-pote eskainiko zaie bazkideei Arranon, hau da, tragoa eskatu eta pintxoa doan izanen dute. Maiatzaren 26an, gainera, goizeko 10:30ean haurrentzako eskulan tailerra izanen da plazan.
Ekainaren 9an, mendi irteera eginen da Goizuetara, egun horretan eginen den UEMA Eguneko bestan eta herri bazkarian parte hartzera. Sanfermin egunean, ohiko bertso saioa antolatuko du Arranon plazan eta uztailaren 10ean, 25. urteurrenaren kamiseta jantzi eta eguerdian Arranon brindisa, zozketa, poteoa eta Sanferminetako besta batzordeak antolatutako bazkaria izanen dira.
Irailean, Tuterako Haize Hegoa elkartearekin topaketa eginen da Tuteran eta urte bukaeran azken besta eginen da. Guzti honetaz gain, bazkide guztiekin bideo bat egin nahi dute oroigarri moduan eta elkartearen historiarekin, argazkiekin, anekdotekin… liburuxka bat prestatu nahi dute.