«Zertan dira Babes Ofizialeko Etxebizitzak?». Horixe galdetu dio Ezker Abertzaleak Udalari. Ezker Abertzalearen arabera, «badira 15 urtetik goiti azken BOE Babes Ofizialeko Etxebizitzak egin zirela. Bada ordua bertze promozio bat ateratzeko. Horren adibide, joan de agintaldian egindako zerrendan apuntatu ziren 70 lagunak».
Aitzineko Udalak bi sektore martxan jartzeko prest zituela gogoratu du Ezker Abertzaleak, suhiltzaileen zelai ondokoa eta Agerrakoa. Bi planak geldirik daudela dio: «suhiltzaileen parkekoa lurjabe batek errekurtsoa sartu duelako. Ikusirik egungo krisi egoera, promotoreen irabaziak aunitz jautsi dira eta normala da plan hauen garapena oztopatu edo mantsotu nahi izatea. Modua bilatu beharko da Udalaren etxebizitzak egin ahal izateko».
Agerrako plana «Udalaren erabakiaren esperoan dago», dio Ezker Abertzaleak. «Plan honen aldaketa 2003-2007 agintaldian prestatzen hasi zen, 2007-2011 agintaldi osoa plana landu eta hobetzen eman zuen Udalak azkeneko osoko bilkuran, onartu gabe utzi arte, merkataritzari buruz azterketa egin bitartean».
Plan hau Berako «garrantzitsuena» dela uste du, «tamainagatik eta batez ere, BOE kopuruagatik, 152 guztira». Sektore hori bultzatzearen faktore garrantzitsuenak aipatu ditu: Kaxerna mendi magalean 18 etxebizitza bi-familiar egin beharrean Agerrako zelaian egitea mendia eremu berde utziz; Agerratik Kaxerna gainera joateko behar bezalako errepidea egitea; Kaxerna gainean eremu berde publiko handi bat izatea egunen batean aterpea edo bertze dotazio publikoren bat egiteko; Agerrako zelaian familiabakarreko bizitzen ordez, bizitza kolektiboak egitea lurra hobeki aprobetxatuz eta herri sarreran pasealeku eder bat izatea berdegune eta plazarekin».
Planaren helburua «auzo bizi bat sortzea» da Ezker Abertzalearetzat «eta horretarako merkatal eremua pasealeku erdian jartzeko apustua egiten da. Batetik, baxu kometzialak ez direlako erakargarriak, eta bertzetik, etxebizitzen bajuetan bizitzak egiteko asmoa dagoelako eskaera badagoelako». Gaineratu duenez, «sektore honetako 369 bizitzei zerbitzu eta bizia eman asmoz eremu komertziala pasealekuan kontzentratu da, lurpean 1.200 eta lurgainean 550 metro izanen lituzkeen eraikin bat egiteko modua eskainiz».
Merkatal eremu honek herriko komertzio ttikian izan dezakeen eragina jakitea zaila dela onartu du. «Zalantzak Udalak egin beharreko azterketak argitu behar zituen baina dirudienez, ez ditu argitu eta orain urte bateko egoera berdinean gaude». Ezker Abertzalearen hitzetan, «bada ordua Udalak behin betiko erabaki bat hartzeko».