Javier Prieto moto gidari beratarra Alcañiz-Motorland zirkuituan nagusitu da

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 8a

Javier Prieto moto gidari beratarrak podiumaren koxkarik gorenera igotzea lortu du lehen aldiz. Utzitako argazkia

1.000 ccko bere kategoriako lidergoa hartu du, Iparraldeko zonako txapelketan

Javier Prieto Martinez, moto gidari beratarrak garaipena lortu zuen apirileko hondar asteburuan Alcañizko zirkuituan, Iparraldeko zonarako puntuagarria zen proban, 1.000 zentimetro kubikoko kategorian. Honela, hiru proben ondotik, lidergoa ere hartu du ezustean.

Javier Prieto Martinez, moto gidari beratarrak garaipena lortu zuen apirileko hondar asteburuan Alcañizko zirkuituan, Iparraldeko zonarako puntuagarria zen proban, 1.000 zentimetro kubikoko kategorian. Honela, hiru proben ondotik, lidergoa ere hartu du ezustean.

Joan den urtean murgildu zen Prieto gaztea motorraren mundo honetan, eta junior-amateur kategorian konpetitzen hasi zen, Asturiastik Kataluniarainoko pilotoak hartzen dituen iparraldeko zonako txapelketan. Nafarroako Urantzian (Los Arcos) eta Motorland-Alcañizen jokatzen dira karrerak. Joan den urteko emaitzak harrigarriak izan ziren, karrera guzietan podiumera igotzea lortu baitzuen, hiru aldiz bigarren izanik eta bitan hirugarren. Modu honetan, lehenbiziko proban parte hartzerik izan ez bazuen ere, meritu handiko hirugarren postuan bukatu zuen beratarrak.

Honela, aurtengo txapelketa serioago hartu du Javier Prietok eta maila handiagoko pilotoen aurka ari da 1.000 ccko kategorian. Joan den urtean bezala, Yamaha R1 motoarekin ari da, baina zenbait hobekuntza egin dizkio. Denboraldi honetan hiru karreratan hartu du parte. Albaceten bigarren izan zen, hirugarren Los Arcosen eta Alcañizen lehenbizikoa. Lana eta dedikazioaren ondorio den erregulartasun horri esker, bere kategoriako liderra da orain.

Baina ez du batere erraza izanen Prietok postu hori mantentzea, sendotutako piloto eta taldeen kontra lehiatu behar baitu. Bien bitartean, berak laguntzak behar ditu, onenen artean lehiatzea lortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun