Berako Abesbatzak Zilarrezko Ezteiak ospatzen hasi da, 25 urte bete baitira sortu zenetik. Hori dela eta, kontzertua eskaini zuen maiatzaren 5ean, larunbat arratsaldean Berako Kultur Etxean eta erakusketa ere zabaldu zuen egun horretan Iamotenean. Maiatzaren 13ra bitarte ikusgai izanen dira 25 urte hauetako irudiak Iamotenean. Egun handia, halere, ekainaren 3a izanen da.
Larunbateko emanaldia hunkigarria suertatu zen. Berako Abesbatzak Binbili Bonbolo, Con sabor tropical, Kantuz, Alleluia, De balde, O Galopin, La Chaparrita, Gaur Akelarren Gorbeian, Iru Txito, Mendirik Mendi, Lascia Chio Panga eta Torrevieja kantatu zituen. Behin emanaldia bukatuta, Fátima Gonzalez zuzendariak solas batzuk egin zituen hunkiturik, abesbatzako kideek 25 urte hauetan egindako lana goraipatuz eta “momentu ona eta txarrak” izan direla gogoratuz.
Berako Abesbatzaren 25. urteurrena dela eta, 13 kantu biltzen dituen CDa grabatu dute, batzuk a capela abestuak eta bertze batzuk perkusioa, txistulari eta musika bandaren laguntzarekin. Diskaren aurkezpen ofiziala ere larunbateko kontzertuan egin zen. Sarrera doan zen , baina behin kontzertua bukatuta, CDa 6 eurotan salgai paratu zuten.
Bertze aldetik, 25. urteurreneko argazki erakusketa ere zabaldu zen maiatzaren 5etik 13ra Iamotenean. astelehenetik larunbatera 19:00etatik 21:00etara eta igandean 11:30etik 13:30era ikusgai izanen da.
Egun handia ekainaren 3an
Baina 25. urteurreneko ospakizun egun handia ekainaren 3rako iragarri dute Berako Abesbatzatik. Goizeko 11:00etan hasita, herriko musika talde ezberdinek dianak joko dituzte karrikaz karrika eta Herriko Etxeko Plazan bilduko dira 12.15 aldera. Plazan, talde bakoitzak pieza bat joko du eta ekitaldi ofiziala 12:45ean hasiko da. Bi bertsolarik ongietorria kantatuko dute eta gero Abesbatzaren txanda izanen da. Abesbatzak Agurra kantatzen duen bitartean, Gure Txokoako bi dantzarik dantza eginen dute. Segidan, Berako Abesbatzak kantatuko du eta poliki-poliki abesbatzako kide ohiek eta jubilatuen abesbatzak ere kantatuko dute.
Emanaldia bukatzeko, abesbatzak musika tresnak lagun dituela kantatuklo du, bi kantu txistuarekin eta bertze bi bandarekin.