Didier Zago frantziarrak ez zuen hutsik egin eta laugarren aldiz irabazi zuen Berako Mendi Maratoi Erdia apirilaren 15ean. Zortzigarren edizio honetan, euria eta lohia izan zen protagonista, eta horren ondorioz, ibilbidea aldatu behar izan zuten Manttale, Gure Txokoa eta Agerra Mendi Taldeko antolatzaileek. Larunera igo gabe egin zen lasterketa. Emakumeen artean, Oihana Azkorbebeitia bizkaitarra nagusitu zen. Guztira, izena emandako 474 korrikalarietatik 466k lortu zuten lasterketa bukatzea.
Larunera igo gabe, 21 kilometro izan beharrean, 18,6 kilometrotan gelditu zen lasterketa. Gizonezkoen lasterketan, Didier Zago eta Aitor Osa Itziarko txirrindulari ohiaren arteko borroka haundia izan zen. Ibardingo tarteko helmugatik Osa pasatu zen lehenik, baina azkenean Biarnokoa nagusitu zen, ordubete, 24 minutu eta 22 segundoko denborarekin. Aitor Osa bigarren izan zen, (01:25:28) eta bere alaba eskutik hartuta helmugaratu zen. Hirugarrena Oier Ariznabarreta izan zen (01:30:07).
Emakumezkoen senior kategorian, aipatu bezala, Oihana Azkorbebeitia izan zen bizkorrena, ordubete, 45 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Bortz minutu baino gehiagoko aldea atera zion bigarren izan zen Laura Solari (01:51) eta hirugarren Aitziber Ibarbia izan zen (01:58:26). Tartean, beteramo mailako lehen sailkatua, Nerea Amilibia sartu zen (01:51:14).
Aipatzekoa da eskualdeko lau emakumek parte hartu zutela: Berako Irune Almandozek, Ezkurrako Josune Iparragirrek eta Berako Garbiñe Santamariak eta Aloña Lasagak. Proba itxi zuen Aloña Lasagak txalo zaparrada handia jaso zuen. Gizonezkoak, berriz, 50 izan ziren eskualdekoak eta horietan bizkorrena Patxi Iratzoki igantziarra izan zen, sailkapen orokorrean hamalaugarren helmugaratu zena.
Ricardo Abad Tafallako ultrafondistak ere parte hartu zuen Berako Maratoi Erdian eta bi ordu eta erdi behar izan zituen bukatzeko.
DATUA
18,6 KILOMETROko
lasterketa egin behar izan zuten parte hartzaileek, eguraldiagatik ibilbidea aldatzea erabaki zutelako antolatzaileek. Normalean 21 kilometro izaten dira.