Bertze urte batez, ailegatu da Arantza gainez gain ezagutzeko aukera ematen duen mendi itzulia. Ekaitza Elkarteak antolatutako Arantzako Mendi Itzulia maiatzaren 20an eginen da. Bi urtetik behin egiten da eta alditik aldira gero eta arrakasta haundiagoa lortzen ari da. Duela bi urte, adibidez, markak hautsiz, 704 lagunek egin zuten mendi itzulia.
Ibilbidea herriko plazan (275 metro) hasi eta bukatuko da. Handik, maldan beheiti Arrata errekara jautsi eta Aranibar baserriaren inguruan (120 metro) erreka utzi eta maldan goiti abiatu beharko dute mendizaleek, Unanu mendira (659 metro) igotzeko. Itsaszelaitan barna (517 metro) Izura (828 metro) joanen dira mendizaleak. Gero, Ollargatatik (660 metro) pasatuz, Ibintzara igoko dira (1.037 metro) eta handik Ekaitzara (1.040 metro). Illurdi izanen da hurrengo tontorra (1.085 metro). Handik aukerakoa izanen da Mendaur (1.136 metro) igotzea. Gero Mairubaratzara (750 metro) jeitsi, eta Zepuru (715 metro) eta Bulatxikitik barna herrira jautsiko dira. Mendaur igotzen dutenek 2 kilometro gehiagoko ibilbidea osatuko dute eta Illurditik herrirako bidea hartzen dutenek 30 kilometrokoa. Itzuliak 1.740 metroko desnibela du. Ibilbidean kontrol-puntuak, botikina eta jan-edana izanen dira, eta bukaeran, jan-edana eta opariak ere banatuko dira.
Izen-ematea aitzinetik www.mendizmendi.com web gunean egin daiteke edo egun berean, 06:30etik 08:00etara. Eta ibilbidea 07:00etatik 08:00etara abiatuko da.