Lesakako Beti Gazte elkarteak, udalaren laguntzarekin, ping pong txapelketa antolatu du, adin guzietako jokalariei zuzendua. Maiatzean, ortziraletan eta aste bukaeratan jokatuko dira partidak elkartearen egoitzan eta finala ekainaren 2an izanen da.
Izen emateko aukera maiatzaren 5a bitarte zabalik dago, Lesakako kultur bulegoan (948 638 007) edo betigazte@betigazte.net helbide elektronikoan. Beti Gazteko bazkideek euro bat ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 2 euro.
Santiago Bidea eta Iruñera bixita gidatua
Ez da Beti Gazte Elkarteak asteotarako antolatua duen ekimen bakarra. Igandean, maiatzaren 6an, berriz ere Santiago Bideari lotuko zaio, Gares eta Aiegi arteko 25 kilometroak osatuz. Iaz Baiona eta Iruña arteko bidea egin zuten Beti Gazteko erromesek eta aurten, Iruña eta Logroño lotzeko asmoan bigarren etapa izanen da igandekoa.
Igande honetan zortzi, maiatzaren 13an, berriz, Iruñera bixita gidatua egiteko aukera eskaini du Beti Gaztek. Izen ematea 610 893804 telefonoan egin daiteke eta maiatzaren 3a, ortzeguna, da hondar eguna horretarako.