«Plazak bete kartzelak hustutzeko» helburuarekin Herrira mugimenduak maiatzaren 19rako deitutako Goazen plazara ekimenarekin bat egin dute Bortzirietako gaur egungo alkate eta zinegotziek, baita lehengo hautetsiek ere.
Berako Herriko Etxearen atarian maiatzaren 5ean, larunbat eguerdian egin zen agerraldian agertu zutenez, «Bilbon urtarrilaren 7an egin zen manifestazioak milaka herritarren partehartzea izan zuen, eta honen aintzinean gobernuak ez dira mugitu, horrexegatik maiatzaren 19ko mobilizazioak daukla hainbertzeko garrantzia, herri presioak bakarrik mugiaraziko dituelako».
Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako herritarrei ere deia luzatzeko probextu zuten agerraldia, euskal presoekiko elkartasunez maiatzaren 19ko eguerdian bortz herrietako plazak betetzeko.
Zehazki, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea, bizi arteko zigorrak ezartzeko neurriak indargabetzea, zigorraren 2/3 eta ¾ bete dituzten presoak kaleratzea, Frantzian preso direnei baldintzapeko askatasuna aplikatzea eta isolamendu, mittard eta bakartze egoerei akabera ematea eta frantziak eta espainiar estatuek darabilten espetxe-politika egokitzea, hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko, horiexek dira maiatzaren 19ko ekimenarekin Herrira mugimenduak plazaratu nahi dituen aldarrikapenak.